Inaxio Perurena eta Joseba Ostolaza Asteasuko txapelketan izango dira

Ataria 2019ko abe. 4a, 19:59

Joxe Anjel Sarasolak herri kirol munduan zalaparta sortuko duen albistea eman du, gaur, Ataria Irratiko Desafioa herri kirol saioan.

Abenduaren 22an, Asteasuko pilotalekuan, 200 kiloko harri errektangularrarekin txapelketa jokatuko da, 12:00etan. Azken urteetan, Harri Handien Euskal Herriko Txapelketa jokatu ohi zen Asteasun, baina aurten, Azpeitira eraman dute. Txapelketa hori, abenduaren 7an izango da, 18:00etan Izarraitz pilotalekuan.

Asteasun geratu den hutsune hori betetzeko, duela ia 30 urte jokatu zen txapelketa bat berreskuratzea erabaki dute. Orduko txapelketaren kronika Joxe Anjel Sarasolak egiten du: "Goenatxo I.aren omenaldian, 29 urte eta erdi izango dira, 200 kiloko errektangularrarekin txapelketa jokatu zen. Geroztik ez da horrelakorik berriro jokatu. Orduko hartan, 15 edo 16 harri jasotzaile aritu ziren lanean. Tartean, 16 urteko gazte bat zegoen: Joseba Ostolaza. Inaxio Perurenaren aita ere han zen. Txapelketa Goenatxo II.ak irabazi zuen. Saralegirekin berdinduta geratu zen, hiru minutuko txanda bakoitzean 11 jasoaldi egin ondoren. Guztira, beraz, 22. Gaur egun zenbaki horiek lekuz kanpo daudela esan behar da. Iñaki Perurena eta Gibitegi geratu ziren jarraian. Hauek 19 jasoaldi lortu zituzten, 10 eta 9ko txandekin. Marka hau ere ez da nolanahikoa. Beste harri jasotzaileak zenbaki horietatik behera ibili ziren". 

Asteasun, abenduaren 22an, orduko arau berdinak jarriko dituzte: hiru minutuko bi txanda izango ditu harri jasotzaile bakoitzak. Jasoaldi gehien lortzen dituena izango da txapelduna. 

Parte hartzaileak

  • Goenatxo I.aren omenaldi hartan izan ziren harri jasotzaileetatik bakarra izango da Asteasun hilaren 22an. Normalena, inor ez egotea izango litzateke. Joseba Ostolazak, ordea, esfortzu bat egin nahi izan du eta txapelketan egongo da. "Benetan ez da meritu makala gizon honena. Hau ere albiste izugarria izan da" dio Sarasolak. 
  • Inaxio Perurena. "Azken momentuko albistea izan da; herri kirol munduan eta herri kirolarien artean zalaparta sortu duena. Bere lehen txapelketa izango da. Harri handiagoekin ibiltzeko lesio txiki bat dauka, 200 kilokoarekin ibiltzea eragozten ez diona. Txapelketa honetan parte hartzeko ilusioa eta gogoa erakutsi du, eta benetan, momentu oso berezia izango da". 
  • Euskal Herriko txapelketako parte hartzaileak, hau da, egungo onenak. Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi iazko txapelduna, Julen Diaz arabarra, Xabier Aranburu Guzta, Aimar Galarraga eta aurten txapelketan lehen aldiz parte hartuko duten Xabier Peñagarikano eta Iñigo Eizagirre
  • Azpeitiko txapelketa horretan Imanol Illarramendi, Kortaberri, Goenatxo III.a eta Iban Ugartemendia ez dira egongo. Hauek harri handien txapelketetan ibiliak dira. Kortaberri eta Goenatxo III.a, Azpeitian ez baina Asteasun egongo dira.
  • Gorka Etxeberria. Oriotarra 200 kiloko harriarekin borrokatzeko asmoz Asteasun izango da. 
  • Martin Mendizabal. Beste ezustekoetako bat. Azpeitiko Mendizabal Jatetxeko nagusia da Martin Mendizabal herri kirolzale amorratua. Asteasun, abenduaren 22an, 200 kilokorekin ausartzea erabaki du prestaketa lanetan ibili ondoren. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!