Txapartegiren aldeko elkarretaratzea egin dute

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 21a, 08:38

Atzo 100 herritar baino gehiagok elkarretaratzea egin zuten Asteasuko plazan, Espainiako estatuak Nekane Txapartegi asteasuarra estraditatzeko eta atxilotzeko eman duen nazioarteko agindua salatzeko.

Maiatzean deitu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera, baina errefuxiatu politikoak ez zuen adierazpenik egin, «torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta eraiki duten akusazioari erantzutea, akusazio hori legitimoa dela onartzea baita».

Txapartegik berak, atzoko elkarretaratzera bidalitako ohar batean aipatu du lehen aldiz 1999an atxilotu zutenetik 20 urtera, berriz ere, Suitzako espetxe batera sartzeko arriskuan egon daitekeela. «Nire ideien aurkako jazarpen politikoak aurrera darrai, nire aurkako ehiza ireki da».

Bernan (Suitzan) berretsi diote asteasuarrari estradizio eskaera berri bat mahai gainean jarri duela Espainiako estatuak. «Orduan torturatzaileek nire emakume gorputza gudu zelai bihurtu zuten, eta orain, bizi izandako tortura sexista salatu eta horren aurka borrokatzen dutelako jazartzen naute».

Txapartegiren abokatua den Olivier Peter-ek «prozedura justua eta jazarpen politikoa» salatu ditu eta Suitzako gobernuari torturaren aurkako posizionamendu argia eskatu dio. Norabide berean hitz egin du errefuxiatuak: «Ikusiko dugu zein aldetan kokatzen diren Suitzako agintari 'neutralak', torturaren aurka edo alde. Ezin baita orain artean bezala 'neutralitatearen' izenean torturatzaileekin kolaboratzen jarraitu». Suitzan eta Asteasun jasotako elkartasun keinuak eskertu ditu asteasuarrak: «Indarra ematen dit gure askatasunaren alde borrokan jarraitzeko».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!