"Udalbiltzak izan behar du udalerri guztiak batzen gaituen puntua"

Jon Miranda Labaien 2019ko aza. 20a, 08:47

Jabi Asurmendi Arakaldoko alkatea buru duen batzorde eragile berria onartu zuen Udalbiltzak larunbatean eta 14 kidez osatutako zuzendaritza berrian Asteasuko alkatea lehendakariordeetako bat izango da.

Pili Legarra (Asteasu, 1960) 2011. urtetik da alkate eta orain Udalbiltzako zuzendaritzan parte hartuko du. «Gogoa eta borondatea» jarriko dituela dio.

Ilusioz kargu berrirako?

Bai, ilusio puntua badut baina ardurarekin ere hartzen dut kargua. Ahal dugun hoberen egiten saiatuko gara.

Zergatik hartu duzu konpromisoa?

Orain batzar orokorra egin aurretik, bazegoen batzorde eragilea berritzeko proposamena. Aurreko legealdiko hautetsi askok ez dute ardura postu horretan jarraitzen, beraz derrigorrez berritu beharra zegoen egitura. Hortik jaso nuen parte hartzeko eskaintza. Batzorde eragilean saiatu gara lurralde oreka mantentzen.

Hautetsi guztiek dute Udalbiltzan parte hartzeko aukera.

Bai. Udalbiltzak badu bere historia. 1999an sortu zenean EAJko hautetsiek ere parte hartzen zuten. Gero, arrazoi ezberdinak medio, haustura bat egon zen eta nazio erakundeari 2011n berriz ere bultzada bat eman zitzaionean, alderdi bezala EAJk ez zuen parte hartu. Etorkizunean helburua izan behar du horiek ere integratzea, nazio eraikuntzaz ari bagara aniztasuna nahi eta nahi ezkoa izango da.

Nola osatuko duzue batzorde eragilea?

Gipuzkoatik Astigarraga eta Hernaniko zinegotziek hartuko dute parte nirekin batera eta gainerako kideak, Laudio, Berriatua, Bilbo, Errigoiti, Ahetze, Hazparne, Bera eta Gareseko hautetsiak izango dira. Irantzu Antoñana Vianako zinegotzi bat izango da nirekin batera lehendakariorde.

Zein izango da zuen egitekoa?

Bagabiltza izeneko gogoeta prozesu bat egin zen aurreko agintaldian eta hausnarketa horren ondorioetan nabarmendu zen hainbat arlotan proiektu praktiko eta konkretu batzuetara zuzendu behar zela Udalbiltzaren lana. Hainbat egitasmo daude zehaztuta turismoari lotutakoak, burujabetzari, nazio identitateari eta erakundeen arteko elkarlanari lotutakoak.

Zuen lana horiei segida ematea izango da?

Bai. Proiektuak dagoeneko izendatuta daude. Lurgida, adibidez, ekimen turistiko bat da Euskal Herriko ibilbide immateriala jasoko duena; Ikerbiltzan, bestalde, euskal unibertsitateetan sortzen den ezagutza herrien garapenerako erabili nahi dugu, elikadura edo energia burujabetzari lotuta bezainbat, ekonomi sozialari lotuta; Hurbiltzen programaren bitartez, senidetzeak bultzatu nahi ditugu eta Hartu-eman deitzen diogun atalean esperientziak trukatu nahi ditugu, badaudelako herrietan egin diren esperientziak oso egokiak direnak beste herrientzako. Euskal Herriko historiaren memoria gunea edo lurralde desorekak berdintzea ere bada gure asmoa eta EHNAri bultzada bat eman nahi genioke.

Asteasun landuak dituzue asmo horietako batzuk.

Bai. Hurbiltzen proiektuaren barruan, Sartagudarekin senidetze proiektu bat gauzatu genuen iaz eta bide bat abiatu genuen. Memoria historikoaren inguruan Aiztondo mailan Saseta defentsa sistemaren inguruan ari gara lanean eta Sartagudakoak ere lanketa antzekoa egiten ari direnez, horretan oinarritu dugu senidetzea. Ondare immaterialari dagokionez, ardura badugu Asteasun, zer esanik ez. Muskerraren Bidea da horren lekuko. Interesguneak eta lan egiteko ildoak finkatuta daude.

Zein funtzio bete beharko luke Udalbiltzak zure ustez?

Udalbiltzak izan behar du udalerri guztiak batzen gaituen puntua. Elkarlana bultzatuko duen erakundea izan beharko luke Euskal Herriko nazio egiturak.

Lehen lan gutxi ez, eta aurrerantzean gehiago izango dituzu.

Norbaitek egon behar izaten omen du tokietan. Errazena ezezkoak ematea da. Arduraz jokatu behar bada egin behar da ahalegina. Lana suposatuko du, noski, ahal dudan gehiena ematen saiatuko naiz udala aparte utzi gabe.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!