Muskerraren Egunaz aritu gara Gari Otamendirekin

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 24a, 11:48

Muskerraren Bidearen koordinatzailea da Gari Otamendi eta iganderako prestatu duten egunaz hitz egin digu Ataria irratian.

Urte osoan zehar martxan dagoen ekimena da Muskerraren Bidea. Bernardo Atxagaren mundu literarioaren oinarrian dauden tokiak erakusten ditu ibilbideak eta 2015etik urtero egun bat baliatzen dute bidea ezagutzera emateko, hari ezberdin bati tiraka. Igandean izango da hitzordua eta sorkuntza kontzeptuak iradokitzen diona azalduko du idazle ezagunak, Iturraldetik abiatuta.

Gari Otamendi, Muskerraren Bideko koordinatzailea da eta bere esanetan ibilbideko parterik «garaikideena» da. Bertan egiten zaie erreferentzia Ruper Ordorika, Joseba Sarrionandia eta Mikel Laboa bezalako sortzaileei eta baita Jabier Muguruzari ere. «Gure sormenean eta nortasunean, landa eremuak, ia desagertzear dagoen mundu horrek, izan duen eragina eta pisua garatuko ditu Atxagak igandean egingo duen kontaketan». Aurreko urteetan Elizmendin zehar ibili badira ere, aurten plaza inguruak zeharkatuko ditu idazleak. «Obaba Asteasu da eta Asteasu Obaba. Fikzioa eta errealitatea nahasten diren eremuan kokatuta dago Muskerraren Bidea eta galdera hori planteatuko digu Atxagak, zenbateraino erabiltzen diren errealitate puskak mundu berriak sortzeko».

Asteasuko Udalak idazlearen laguntzaz prestatu duen ibilbideak ez du bakarrik Atxagaren mundu literarioaren berri ematen, inguruko paraje ederrak ere bistaratzen ditu. «Hernio magalean dagoen paisaia hau eman nahi dugu ezagutzera eta Gipuzkoa barnealdeko eskualde hau erakutsi nahi diegu bisitariei. Masifikaziorik gabe, baina turismoa gurea bezalako herrientzat garapenerako aukera bat da», esan du Otamendik. Norabide horretan, turismo arduradunek bisita egin zuten asteartean Asteasura eta inguruneak ematen dituen aukeren berri eman zitzaien arlo horretan aritzen direnei. Ibilbidearen koordinatzaileak aitortu duenez, 2015. urtetik hona bisitari asko izan dituzte eta urtez urte gora doa kopurua. Badira ibilbidea gidariaren laguntzaz egiten dutenak edo norbere kabuz, horretarako sortuta dagoen mugikorrentzako aplikazioa erabiliz egiten dutenak.

GOIZ PASA ASTEASUN

Asmo berriak ere badituzte Muskerraren Bidearekin, Otamendik iragarri duenez: «Programa egokitzen ari gara, familian ibilbidea egin ahal izateko. Haur txikientzat, akaso, literatura kontuak ez dira hain erakargarriak izaten eta bidea adin txikikoentzat egokitzeko lanketa egiten ari gara». Igandean, Muskerraren Egunean, haurrentzako jolasak izango dira plazan 11:00etatik aurrera. «Atxagaren obran hain presente dauden txikitako jolasei eta eskolako munduari keinu bat egin diegu».

Iturri Ondo jatetxean salda hartu ondoren, 12:00etan ekingo dio Bernardo Atxagak ibilbideari eta sormen prozesuei buruz hitz egingo du ordubetez. Behin hori amaituta, 13:00etan egingo dute iturri bueltako apustua. «Apustua eta jokoa Asteasuaren berezko ezaugarriak dira eta plazan dagoen iturriari itzuliak eman beharko zaizkio, binaka. Irabazleentzat, ohoreaz gain, bazkariren bat ere egongo da jokoan».

Eskualdeko herritarrei eta oraindik Asteasu ezagutzen ez dutenei luzatu die gonbidapena Otamendik. «Goiz pasa ederra egiteko aukera izango da igandean».

MUSKERRAREN EGUNA 2019

Urriak 27, igandea

11:00.Haurrentzako jolasak.

11:30.Salda.

12:00.Hitzaldia: Bernardo Atxagak bere sormen-prozesuei buruz hitz egingo du.

13:00.Iturri-bueltako apustua Asteasuko plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!