Koldo Mitxelena Kulturuneko aretoa aurpegi ezagunez beteta zegoela aurkeztu du Bernardo Atxagak bere nobela berria, gaur goizean. Ohi duenez, Pamielarekin eman du argitara, eta alboan izan ditu Pello Eltzaburu argitaletxeko editorea eta Frantxis Lopez-Landatxe Koldo Mitxelenako zuzendari ohia. Beste nobela bat ahotan hartuz heldu dio bereari Atxagak: Leon Tolstoiren Hadji Murat. Arreta piztu zion idazleari Tolstoik kardulatz zapaldu bat lurrean ikusi, eta irudi horretatik nola atera zuen nobela osatzeko behar zuen guztia. Marcel Prousten magdalenarekin gogoratu zen gero: "Proustek usaindu zuen magdalena, eta prezipitazio moduko bat eragin zuen bere memorian; hortik atera ziren zazpi liburu, nahiko luze eta oso on." Atxagaren ustez, hori da liburuak idazteko bidea; irudi bat da maiz liburu baten genesia
Hala gertatu zaio berari Etxeak eta hilobiak-ekin. Txori bat izan zen bere kardulatza, bere magdalena. Mika bat, zehazki. Kontatu duenez, Madrilgo El Pardo kuartelean ezagutu zuen mika hori, eta, ordutik, 40 urtetik gora egin ditu bere memorian. "Sumatzen nuen mika hau ez zela nolanahikoa, bere inguruan gauza asko jasotzen zituela. Batez ere, kuartel batean gertatzen zelako. Kuartel batean zerbait gertatzen baldin bada, esan nahi du jende oso arruntaren artean gertatzen dela. Ez gaude Tolstoiren dantzaldi aristokratikoekin, ez gaude Prousten giro burgesetan. Gu gaude nekazari, kamerero, taxista, tornero, aktore eta horrelako jende baten artean". Eta jende hori interesatzen zaio Atxagari, tartekoa sentitzen delako. "Kuartela da, azken batean, kartzela bat, eta bertan dagoen jendea dago harrapatuta, ezin da atera; horregatik, esaterako, adiskidetasuna murruz barrura ez da askatasuna murruz kanpora, beste zerbait da".
Segi irakurtzen hemen.