Udal Hauteskundeak 2019. Alkateei elkarrizketak

"Etorkizuna gazteena da, zaindu behar ditugu"

Jon Miranda Labaien 2019ko urr. 9a, 19:59

Asteasu Batuz hautagaitza independentearekin aurkeztu zen maiatzeko udal hauteskundeetara eta hirugarren aldiz atera da alkate.

2011. urteaz geroztik dago alkatetzan eta agintaldi berriak aurretik egindako lanari segida eman nahi lioke Pili Legarra Kortajarenak (Asteasu, 1960). Berekin batera, bere taldeko zinegotzi gehienek jarraitzen dute: zazpitik bostek.

Asteasuko alkate gisa hirugarren legealdia hasi duzu. Udalaren martxa hartuta duzu zuk aspalditik.

Bai, jarraipen lana izango da neurri batean. 2011 urteaz gero hemen nago eta aurretik egindako lanari segida eman nahi nioke lau urteotan.

Asteasu Batuz hautagaitzarekin aurkeztu zinen maiatzeko udal hauteskundeetan, berriro ere.

Bai. 2011. urtean apustu hori egin genuen. Hausnarketa prozesu bat egin genuen aurtengo udal hauteskundeen aurretik eta plataforma horrekin jarraitzea erabaki genuen. Zinegotziko gehienok jarraitu egiten dugu udal taldean, zazpitik bostek. Beraz, ez dago aldaketa nabarmenik.

Nola antolatzen duzue udal jarduna hemen Asteasun?

Legez araututa dagoen bezala, gure tamainako herrietan liberazio bakarra izaten da, alkatearena. Niri dagokit hori une honetan. Gainerako zinegotziek beren ofizioa dute eta lan orduetatik kanpo egiten dute lan udalean.

Zazpi kide ditu Asteasu Batuzek eta bi EAJk. Zer nolako harremana nahiko zenuke agintaldi honetan oposizioarekin?

EAJko bi zinegotzietatik bat aurreko legealdietan ere aritu izan da hautetsi bezala eta bestea berria da. Zortzi batzordetan antolatzen da udala eta batzorde horietako baten lehendakaritza du alderdi jeltzaleak, gizarte zerbitzuak, enplegua eta hirugarren mundua deiturikoarena. Nik nahi nukeena da, orain arte bezala, gutxieneko errespetuzko harreman bat izatea haiekin. Udaletxeko ateak denentzako daude irekita eta elkarlana eskaini nahi diet, eta eskatu ere bai.

Plazako eraberritzearekin kontentu zaudete?

Bai. Asko kosta zaigun proiektua izan da. Lan asko egin behar izan dugu, ez da bakarrik plaza berritzea izan, herrigunea oinezkoentzat egokitzea ere ekarri du. Eta horrek, aldi berean, Errekaballara auzorako sarbidea beste leku batetik egitea eskatzen zigun. Herritarrak oso jakitun dira zenbat arazo izan ditugun. Ekainean inauguratu genuen eta lanek ekarri duten eragozpenak kenduta, herritarrek iritzi ona adierazten didate. Oso gustura gaude. Elkargune bat bihurtu da plaza, umeak libre ibili daitezke arriskurik gabe.

Aparkalekuen arazoa konpondu al duzue herrigunean?

Herri askotan bezala ohitura txar asko geneuzkan kotxearekin. Parte hartze prozesu baten ondoren erabaki genuen aguazil bat jartzea herrian. Oso ondo joan zen eta asko zuzendu zen gaizki aparkatutako kotxeen auzia. Gertatu dena da, aguazil honek beste lanpostu bat lortu eta Asteasukoa utzi duela. Orain, bere ordezkapena bete nahian gabiltza, baina ez da erraza, lan-poltsetan begira ari gara baina ez dugu jendea topatu. Ez dugu bide hori utzi nahi eta gai honi jarraipena eman nahi diogu. Agintaldi honetan trafiko ordenantza onartu nahi dugu eta parte hartze saioak antolatuko ditugu horretarako.

Etxebizitza arloan baduzue egitasmorik epe motzera?

Lamiategin bigarren etxebizitza blokeari heldu nahi diogu. Hasi gara lehen pausoak ematen, administrazioaren makinaria motela eta mantsoa da, baina ari gara. Jendeak askotan galdetzen digu noizko bigarren blokea. Oso arrakastatsua izan zen lehen partea, eta bigarrena era berdinean atera nahi genuke. Diferentzia bakarra dago, lehen fasean lurren %100 udalarena zela, eta orain, zati bat jabe pribatuena da. Haiekin elkarrizketan hasi behar dugu. Proiektu hau agintaldi honetan bultzatu nahi genuke. 31 etxebizitza izango dira. Aurreko eredu berdinarekin jarraitu nahi dugu, lehiaketara aterako genuke lurra proiektu batekin. Udalak ez du etekin handirik ateratzen hortik, lurraren prezioa jaitsi egiten baitu, etxebizitzaren prezioa mugatu eta horrekin gazteak bertan geratzea lortu dugu. Helburu hori lehentasunezkoa da guretzat.

Bestalde, legeak horretara behartzen gaituenez, plan orokorra berritu behar dugu. Herriko arauak 2009an onartu ziren, bertan jasotzen den guztia ez da egin baina berritzea dagokigu orain. Lan astuna da, prozesu luzea da, baino agintaldi honetan heldu behar diogu, bai ala bai.

Nolakoa da Asteasuko adin piramidea?

Nahikoa herri gaztea da Asteasu. Lamiategiko lehenengo blokearekin azterketa egin genuenean 20 urtetik 35 urtera bitarteko 256 gazte zeuden. Gaur egun ere buelta horretan ibiliko gara. Egia da, jaiotze tasa jaitsi egin dela azken urteetan, baina gaur egun gazte kopuru handia dago. Beren beharrei erantzun behar zaie, Asteasun bizi nahiko balute aukera izan dezatela, gero beraiek ikusiko dute zer egin. Etorkizuna gazteena da eta zaindu egin behar ditugu.

Adineko pertsonei dagokionez beharrik sumatzen duzu?

Momentuz Asteasun dugun zerbitzu bakarra etxe tutelatua da. Menpekotasunik ez duten adinekonetzako apartamentuak dira. Edade handiko jendea badago herrian, eta oraingoz, baserrietan eta bizi dira asko. Etxez etxeko zerbitzua badago eta jende askok eskatzen du. Etorkizunean behar gehiago sortuko da, eta gaur gaurkoz, emakumeak dira zaintza lanetan aritzen direnak. Pentsatu beharko dugu nola zaindu zaintzailea ere. Aurreko agintaldian egin genuen azterketa bat. Informazioa bilduta dago hor eta etorkizunean gizartean emango den aldaketa nabarmen horri heldu beharko diogu.

Genero kontuak aipatu dituzunez, baduzue sentsibilitatea gai honekiko. Udalak, Berdinbidean programaren bitartez, indarkeria sexista lantzeko talde bat osatu zuen herriko gazteekin iaz.

Hainbat lan ildo daude tamaina txikiko herrientzat aldundiko Berdinbidean programan eta udal bakoitzak horietako bati heltzen dio. Guk indarkeri sexista gazteekin lantzeko asmoari ekin genion eta gazte talde finko bat sortu zen horretarako. Ondo lan egin dute eta mutil asko animatu dira gainera. Hori deigarria egin zaigu. Ikastaro garaia bukatu zitzaien ekainean eta herriko festetarako indarkeriaren aurkako protokoloa osatu zuten. Lanketa honekin jarraitzeko asmoa adierazi digute eta lehen bilera egin dute dagoeneko. Merezi izan duen proiektua da eta haiek ere oso kontentu daude. Ezin ditugu bazterrean utzi. Ea zortea dugun eta beste talde bat sortzeko aukera dugun, orain arte aritu direnak motor bezala funtzionatu dezaten eta beste gazte batzuk erakarri ditzaten. Beharrezkoa iruditzen zaigu gai hau lantzea, egunero zer nolako albisteak etortzen zaizkigun ikusita.

Hondakinen kudeaketarekin kezkatuta zeundeten aurreko legealdian. Hartu dituzuen neurriekin aurrera pausorik eman duzue?

Ahalegin dezentekoa egin genuen. Parte hartzeko prozesu bat egin ondoren, bulego bat zabaldu genuen eta sei hilabetez aritu ziren bertan informazioa partitzen. Jende asko pasa da bertatik eta zerbait hobetu den arren, oraindik jende jakin batek oso portaera desegokiak ditu. Edukiontziak toki askotan daude eta ez dago aitzakiarik. Ikusi genuen errefusak kontrola behar zuela eta orain edukiontziak txiparekin zabaltzen dira. Hala ere, zabor poltsak lurrean uzten dituzte oraindik ere. Ez dut ulertzen. Behin edukiontziak dauden tokira gerturatuta ez dakit zergatik kostatzen zaien hainbeste edukiontzia zabaltzea. Aitortu nahi dut herritar gehienek ondo kudeatzen dituztela beren hondakinak. Ez ditut denak zaku berean sartu nahi, baina multzo bat badago, %10a dela esango nuke, ez dituztenak portaera egokiak izaten. Horiekin beste neurri batzuk hartu beharko ditugu, gertuagotik zaindu beharko ditugu horrelako portaerak. Penagarria da horretaraino iristea, baina egin beharra dugu.

Errefusa da bakarra txartelarekin funtzionatzen duena. Proiektu honen barruan, organikoa edukiontzietara botatzeko aukera zabaldu genuen, errefusarako txartel berdina erabilita. Edukiontzi bakarra jarri genuen eta izena eman nahi duenak horretarako aukera du. Herritzar batzuk eskatu dute, baina normalean jendeak herrian dauden konpostagailuak erabiltzen ditu organikorako. Arlo horrek oso ondo funtzionatzen du.

Eskualde mailako kooperazioa nola ikusten duzu?

Beharrezkoak dira maila horretako erakundeak. Udal askotan ezinezkoa zaigu zenbait gai lantzea, teknikari kopurua oso txikia delako. Tolosaldea Garatzenen bitartez, adibidez, migrazioa edo enplegua bezalako gaiak lantzeko aukera izaten dugu. Oso oso beharrezkoak iruditzen zaizkit erakunde hauek eta indartu egin behar direla iruditzen zait. Denon indarrak batuta gauzak aurrera ateratzeko aukera gehiago izaten dira. Eskualde ikuspegia lantzea ere inportantea da.

Proiektu batzuk aurrera ateratzeko beste erakundeen laguntzak beharrezkoak zaizkizue zuena bezalako udal txikiei.

Asko zaindu behar dira laguntzak eta begiratu egin behar izaten dira buletinak. Esate baterako, Asteasuko plaza berritzeko beharrezkoa zen diru kopuruaren erdia Eusko Jaurlaritzaren Erein programaren bitartez iritsi zaigu. Egia da lana dela eta ñaguntza horiek eskatzeak lana ematen duela baina egin beharra dago. Inbertsio atala gurea bezalako udaletan ez da handia izaten, bigarren kapituluak diru asko eramaten baitu. Zerbitzu asko dauzkagu herrian eta horietako gehienak defizitarioak dira: igerilekua edo kiroldegia esate baterako. Beharrezkoak bai, baina kostu handia dute. Inbertsio atala txikia denez, udalak adi egon behar du diru laguntza deialdiekin, proiektuak aurrera ateratzeko behar beharrezkoak baitira.

Zer modu dituzue udal kontuak hemen Asteasun?

Ondo gaude. 2011. urtetik hona bilakaera ona izan dugu. Gure plazak diru kopuru handia suposatu digu, 860.000 euroko proiektua izan da. Erdia Eusko Jaurlaritzatik etorri da baina beste erdia udalak jarri du. Zazpi urtetan aurreztutako diruarekin egin dugu plaza, inongo mailegurik eskatu gabe. Gobernura sartu ginenean udal honek zituen 2,6 milioi euroko zorra milioi erdira jaitsi dugu. Askozaz ere lasaiagoa da egoera.

Industriagune garrantzitsua duzue herrian, nekazaritza esplotazio handiak ere bai. Hirugarren sektoreari dagokionez, merkataritza edo turismoari dagokionez, zein egitasmo duzue eskuartean?

Turismoari begira, Muskerraren ibilbidea daukagu eta hainbat jende gerturatu zaigu horren bitartez. Helburu hori genuen, tokiko ekonomia, taberna eta jatetxeak bultzatzea. Jatetxe bakarrarekin geratu gara herrian, lehenago bi genituen eta denda txikiak ditu herrian, bi harategi tartean. Minimo guztiak beteta dauzkagu. Nekazal turismoak, adibidez, oso ondo funtzionatzen dute eta jende asko etortzen da kanpotik. Nire nahia da daukaguna mantentzea eta ea Asteasu erreferente den turismoarentzat.

Pello Errotaren mendeurrena ospatzeak lagundu du Asteasu mapan kokatzen?

Bai. Oso ekitaldi arrakastatsu eta hunkigarriak izan dira 2018an eta 2019an egindakoak. Ospakizun hauek ere baliatu dira, Pello Errotaren alaba Mikaela Elizegiren figura gogora ekartzeko. Emakume bertsolariak baztertuta egon dira, garai batean batez ere, eta esangura berezia du Mikaela bera ere gogora ekartzeak.

Haritz Mujikak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aurrera egiteak ere kokatuko luke mapan zuen herria.

Noski. Orain arte oso ondo egin du eta hemendik animo guztiak eman nahi dizkiogu. Ari da bere bidea egiten eta txapelduna balitz, pentsa zeinen borobila geratuko litzaigukeen Pello Errotaren mendeurrena.

Beste proiektu izarrik baduzue?

Plan orokorra izango da lana emango diguna eta Lamiategiko bigarren fasea bestetik. Legealdi honetan foro iraunkorrak sortu nahi ditugu. Baserritarrekin foro bat egin nahi dugu, maiztasun batekin bilduko den talde bat sortu, beraiek beren beharrak adierazi ahal izan ditzaten udalean. Berdina egin nahi dugu gazteekin. Toki guztietan bezala, erakundeetatik aparte ikusten ditugu. Hau herri txikia da eta gertutasun hori baliatu nahi genuke, beraien presentzia areagotzeko. Parte izan daitezela, ez bakarrik herriko jaietan, bestelako ekimenetan ere bai. Erreleboa beraien eskutik etorriko da eta udala ezin zaie arrotza egin.

Udalak hainbat lokal eta eraikin ditu eta agintaldi honetan horien azterketa teknikoa egin nahi dugu. Beraien erabilpena aztertu, zein gastu suposatzen digun eta zertarako erabili nahi ditugun ikusteko.

Gaztetxerik ez dago herrian, gaur egun.

Bere zikloa bete zuen. Gazteek utzi dute, talde bat egon da iraun duena, baina gero ez du jarraipenik izan. Edozein egunetan biltzen dira gazteak hemen plazan. Akaso udaletxean ez, terrazan bildu gaitezke gazteekin. Soka bat sortu nahi dugu hainbat gai jorratzeko.

Probalekua kendu zenuten plaza berritzeko. Zein asmo duzue aurrera begira?

Plaza berritu aurretik parte hartze saioak egin genituen eta galdeketa bidez justu landu genuen probalekuarena. Kentzea eskatzen zuen jendearen gehienak, umeentzako eta batez ere edadekoentzat deseroso eta arriskutsua zelako. Ez du esan nahi desagertu behar duenik. Baserritar batzuekin bilera egin genuen eta beste toki batean jartzeko aukera aztertuko dugu. Gaia lantzen ari gara, beste bilera bat egingo dugu informazio guztia bildu ondoren.

Zein mezu zabalduko zenuke asteasuarren artean?

Nik esan behar diedana da parte hartzean oinarritu nahi dugula udal jarduna. Gerturatzea nahi nuke. Momentu honetan martxan jarriko dugu herriko parkeak birmoldatzeko proiektua eta saio batzuk egingo ditugu, baita umeekin ere. Ohitura berriak sortu nahi ditugu. Denok dugu iritzia, okerra edo zuzena, baina horiek denak entzutea inportantea da. Parte hartuz gero, zureganatu egiten duzu proiektua eta gero zaintza ere hobea izaten da. Herriko azpiegiturak zaintzea denon lana da. Eta hondakinen kontuarekin, esango nieke herritarrei ez uzteko mesedez lurrean, bere tokian uzteko. Denoi egiten digu kalte, ingurumenari eta txukuntasunari. Denon ardura da eta denoi gustatzen zaigu bazterrak garbi egotea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!