Iban Pardo garaile, Euskal Herriko sega txapelketan

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko uztailaren 28a

Zestoarra gailendu da, gaur, Asteasuko Bulano baserriko belardietan, Julen Gabirondo faboritoari 2,5 kiloko aldea aterata; Jokin Etxeberria amasarra hirugarren sailkatu da, 3.765 kilo ebakita.

Hitzordu estua zetorren, eta azken emaitzak ere hala erakutsi du: Iban Pardo segalari zestoarrak 3.806 kilo ebakita irabazi du txapela. Gabirondo faboritoetako bat bigarren izan da, 3.803,5 kilo ebakita, eta Jokin Etxeberria Bedaion bizi den amasarrak hirugarren postuarekin konformatu behar izan du, 3.765 kilorekin. Laugarren sailkatua Jon Otegi gazte oiartzuarra izan da, 3.502 kilo ebakita.

Paraje bikainak hartu du Euskal Herriko lehia, eta segalarien ordubete lanak argazki ederrak utzi ditu. Denboraldiko hirugarren txapelketako finala izan da gaurkoa, eta ohiko eran jokatu dute lehia: moztutakoa bildu, eta pisatu egin dute.

Julen Gabirondo izan da lanak bukatzen lehena, eta kronoa itzali aurretik amaitu ditu sail guztiak; haren ondotik, Jokin Etxeberriak ere erlojuari aurrea hartu dio. Lanean ziharduten bitartean izan dira txartel eta ohartarazpen zenbait, eta horren eta pisatzeen emaitzen zain geratu dira kirolariak eta publikoa.

Sari banaketaren ondoren, lau segalariek elkarrekin izoztu dute momentua. 

Erlazionatuak

Gabirondo, laukoaren bila

Asier Imaz 2019 uzt 26 Asteasu

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!