Zazpi puntu nabarmen ditu ibilbideak, eta bakoitzean, interpretazio-panel bat dago. Muskerraren bideak informazio asko jasotzen du bere baitan, eta modu eta euskarri askotan helarazten zaio bisitariari. Ibilbide osoan zehar ibilbidearen norabidea markatzeko seinaleak daude, eta webgunearen eta mugikorretarako aplikazioen bidez, Bernardo Atxagaren ahotsean ematen dira azalpenak. Atxagaren mundu literarioarekin batera, Asteasuko kultur eta natur ondarea aberatsa ezagutuko ditu bisitariak Muskerraren Bidean. Obabakoaken arrakastaren gako nagusia izan zen Atxagak sortutako mundua: Obaba.
Literatur balioaz gain, unibertso bat sortzeko eta haren barruan komunitate bat irudikatzeko maisutasuna erakutsi zuen idazle asteasuarrak, eta Asteasuko herria izan zen mundu horren inspirazio-iturria: «Idazterakoan, askotan, lur bat behar duzu, kale bat, auzo bat, eliza bat, etxe bat behar duzu eta hoberena da abstraktuki pentsatu beharrean, modu zehatz eta konkretuan pentsatzea. Eta etxe bat esatean, etxe jakin bat izatea gogoan. Alde horretatik, Asteasu izan da Obaba lurraldearen atzean dagoen herria». Muskerraren Bidea 2015ean jarri zen martxan, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzarekin elkarlanean, Bernardo Atxagak berak proposatuta, Gutun Zuriak ekimenaren barruan. Urte hartako azaroan aurkeztu zen Muskerraren Bidea Asteasun. Gaur egun bisita gidatuak eskaintzen ditu udalak. Eskaera egiteko muskerrarenbidea@gmail.com helbidera idatzi behar da.
2017an lau ibilbide berri atondu zituen udalak, herriko Zura komunikazio eta diseinu enpresarekin batera, Asteasu Bide Herria izenarekin. Udal-barruti osoan eta Aiztondo bailaran dauden paraje eta ikuspegi ikusgarriak erakutsi nahi dituzte: Usarrabiko Bira, Erreka Bailara, Santamaña eta Larraulgo Udalarekin elkarlanean osatutako Olazar bidea dira ibilbideak. Bakoitzak gai bat du ardatz. Familian egiteko ibilbide aproposak dira.
MUSKERRAREN BIDEA
Helbidea. LEGE ZAHARREN ENPARANTZA, ASTEASU.
Telefono zenbakia. 943 69 19 07
E-maila. muskerrarenbidea@gmail.com
Webgunea. www.muskerrarenbidea.eus
Sare sozialak.
Facebook: Muskerrarenbidea