Festan jarraitzen dute Santamañan

Irati Urdalleta 2019ko uztailaren 21a

Asteasuko Santamaña auzoko festen barruan, herri kirolak eta trikitilariak izan dituzte gaur goizean.

Indar eta abilezia erakustaldia eman dute gaur ere harri-jasotzaile eta aizkolariek Asteasuko Santamaña auzoan. Aurretik eta ondoren dantzarako aukera ere izan dute Laja II.naren eta Lutxurdioren trikiti doinuekin.

Herri kiroletan aizkolariak eta harri-jasotzaileak izan dira protagonista nagusiak. Mikel Lopetegi Urra aritu da harria altxatzen eta Aratz Mugerza eta Julen Kañamares aizkoran. Azken honen aitak motozerrarekin erakustaldia ere egin du, bertan elkartu direnen harridura eraginez. 

Festak arratsaldean ere jarraituko du. Hain zuzen, herriko harri tira taldearen eta astoaren arteko erronka izango da 18:00etan, txanpaluzo jaitsiko dute afaldu aurretik eta gauean Laja II.naren eta Lutxurdioren erromeria egongo da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!