Orientazio proba eta krosa, jaiak hasteko

Jon Miranda Labaien 2019ko uzt. 11a, 19:58

Asteasuko Santamañan etzi eta etzidamu izango diren probekin abiatuko dute jai egitaraua; gaur zortzi segituko du festak.

Santamaña elkarteak, Goiballarako bizilagunek eta Asteasuko Udaleko festa batzordeak jai egitaraua prestatu dute datozen egun hauetarako. Santa Marina egunaren aurreko igandean aspaldiko urteetan antolatu izan dute kros igoera eta aurten ere eutsiko diote ohiturari. Hemeretzigarren aldia da proba antolatzen dutena eta parte hartzaileek igande 09:30etik aurrera eman dezakete izena Asteasuko plazan. Aurrez, 943 69 68 96 eta 943 69 34 00 telefono zenbakietara deituta ere egin daiteke izen ematea.

Herrian bi itzuli egin eta ondoren Santamañara igoko dira korrikalariak. Guztira zazpi kilometroko luzera duen ibilbidea da eta Iban Sanchezek du denborarik onena gizonezkoetan (25 minutu eta 50 segundo) eta Elena Loyok emakumezkoetan (30 minutu eta 57 segundo). Aurten inork errekorra jartzen badu, harentzat sari berezia izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Gainerakoan, sailkatutako lehen gizonezko eta emakumezkoentzat 120na euro egongo dira; 90na euro bigarrengoentzat; eta 60na euro hirugarrengoentzat. Gainera, bestelako sariak zozkatuko dira parte hartzaileen artean eta hamaiketakoa ere eskainiko diete amaieran.

PROBA HERRIKOIA ETZI

Iaz izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere orientazio proba herrikoia egingo dute larunbatean, 17:00etan hasita. Izen emateak, proba hasi baino lehenago egin beharko dira Santamañan bertan, 12 urtez gorakoek 5 euro eta gainerakoek 3 euro ordainduta. Juneren hegoak elkartera bideratuko da jasotako dirua.

Gehienez bost pertsonez osatutako taldeetan atera ahal izango dira parte hartzaileak eta 12 urtez beherakoak heldu baten laguntzaz joan beharko dute. Hiru proba mota egongo dira, luzea, ertaina eta motza, eta aukeratutako probaren arabera denbora jakin batean amaitu beharko da ibilbidea. Ura, mendiko arropa eta oinetako egokiak eramatea beharrezkoa izango da. Amaieran anoa postua egongo da parte hartzaile guztientzat.

EGITARAUA

Uztailak 13, larunbata

17:00. II. Orientazio Proba Herrikoia. Izen emateak 16:30etik 16:45era.

Uztailak 14, igandea

10:30. Santamañako XIX. Kros Igoera. Izen ematea ordubete lehenago.

16:30. Santamañako XXIV. Mus Txapelketa. Izen emateak 15:45etik 16:15era.

Uztailak 18, osteguna

10:30. Txupinazoa.

11:00. Meza nagusia.

Ondoren. Hamaiketakoa.

13:00. Herri kirolak, bertako gazteen eskutik.

Ondoren. Jexux Mari Irazu eta Anjel Mari Peñagarikano. Trikitian, Izer, Alabier eta Lutxurdio.

17:30. Kalejira.

Gauean. Izer, Alabier eta Lutxurdio.

Uztailak 20, larunbata

12:00. Haurrentzako tailerrak.

14:00. Herri bazkaria, Ostolaza eta Ezkerra trikitilariekin.

18:00. Zezen txikiak.

Gauean. Ostolaza eta Ezkerra trikitilariak.

Uztailak 21, igandea

11:30. Meza nagusia.

Ondoren. Herri kirolak. Aizkoran Aratz Mugertza eta Julen Kañamares eta harri jasotzen Aimar Irigoien.

Segidan, Laja II eta Lutxurdio trikitilariak.

18:00. Erakustaldia. Herriko Harri tira taldea eta astoa.

Afalaurretik, Tranpazuloren jaitsiera eta Laja II eta Lutxurdio trikitilariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!