Julen Lopetegi asteasuarra lehen mailara itzuli da

Ataria 2019ko ekainaren 4a

Sevilla FC-k iragarri duenez 2022. urteko ekainera bitarte Julen Lopetegi izango da taldeko entrenatzailea. Amaitu berri den denboraldia Real Madrileko entrenatzaile bezala hasi zuen asteasuarrak.

Asteazkenean aurkeztuko dute Julen Lopetegi Sevillan, izen bereko taldeko entrenatzaile bezala. 53 urteko asteasuarra 2003/2004 denboraldian hasi zen entrenatzaile lanetan, atezain izateari utzi ondoren. Rayo Vallecano entrenatu zuen bigarren mailan denboraldi horretan. 2006an Real Madrilera joan zen ikuskatzaile lanetan parte hartzera. 2008/2009an aulkietara itzuli zen, zurien bigarren taldea entrenatzera Bigarren B Mailan. 2010ean Espainiako Futbol Federazioan sartu zen. 19, 20 eta 21 urtez azpikoetan Espainiako selekzioak gidatu ondoren, 2014an Portugalera joan zen Porto futbol taldea zuzentzera. Hurrengo urtean Espainiako Selekzioaren ardura hartu zuen. 2018ko Munduko Txapelketarako sailkapena partidarik galdu gabe lortu zuen, baina Errusian jokatu zen txapelketa hasi aurretik kaleratua izan zen, Real Madrilekin akordioa zuela iragarri ostean. 10 jardunaldiren ondoren, Espainiako hiriburuko taldetik kaleratua izan zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!