Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu du Txapartegi

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 20a, 08:54

Asteazkenean, maiatzak 22, bideokonferentziaz deklaratuko du Bernatik (Suitza), 10:30ean. Asteazkenean 19:30ean, elkarretaratzea egingo dute Asteasuko plazan, 'Utzi bakean Nekane. Utzi bakean Euskal Herria' lelopean.

"Jazarpen politiko berri honen aurrean berriro elkartasun uholdea jarri da martxan eta asteazkenean solidaritatez babestuta joango naiz deklaratzera", esan du asteasuarrak bizilekua duen Zurichetik.

Txapartegi 1999an atxilotu zuten eta indarkeria matxista erabiliz torturatu zuten. Torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta, 11 urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak eta atxilotu aurretik ihes egin zuen. 2016an bizilekua zuen Suitzan atxilotu zuten Espainiako estatuak egindako estradizio eskaeraren harira. 17 hilabetez eduki zuten preso eta 2017ko irailean libre utzi zuten, bere aurkako kondena gutxitu eta preskribatu ondoren.

Asteazkenean, beste auzi bategatik deklaratzera deitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Txapartegiren abokatuek eta bere inguruan sortu den mugimenduak egindako lanari esker, bideokonferentzia bidez egin ahal izango du Bernatik.

Gaur egun, Radio Lora irratiko emakumeen arloko arduraduna da Txapartegi eta F.I.S.T (Elkartasunezko Feminista Internazionalistak) sareko bultzatzailea. Suitzan bizi diren emakume migrante eta errefuxiatu politikoak biltzen dituen gunea da F.I.S.T. "Nekaneren bizitza eta bere askatasuna, berriz ere arriskuan daude Auzitegi Nazionalak egindako eskaeragatik eta Suitzako gobernuak agertutako konplizitateagatik", esan dute.

Elkartasun internazionalista eta feminista martxan da, Nekane gutako bat da lelopean. Adibide bezala, Cordobako (Argentina) Ni una menos asanbladak zabaldu duen bideoa:

Asteasun, Txapartegiren herrikideek "mendeku gose eta eraso berri honen aurrean", elkartasuna adierazteko deia zabaldu dute. Tortura sexistari planto egiteko aukera izango da asteazkenean, 19:30ean herriko plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!