Pello Errota 100 urte: maiatzean saio bikoitza

Ataria 2019ko apirilaren 30a

Aurrera jarraitzen dute Pello Errotaren heriotzaren mendeurren ekitaldiek. Maiatzean bi saio izango dituzte Asteasun.

Batetik, maiatzaren 4an Asteasun abiatuko Gipuzkoa Bertsotan, udazkenean egingo den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen-fasea. Sei bertsolari ariko dira uda ondorengo txartelaren bila. Udaletxean, 17:00ean, Amaia Iturriotz, Aitor Salegi, Eñaut Martikorena, Aitor Tatiegi, Maddi Aiestaran eta Uxue Alkorta ariko dira.

Bestetik, Pello Errotaren eta bere garaikideen bertsoekin osatutako kantaldia egingo du Eñaut Agirrek maiatzaren 17an. Hainbat sorta aukeratu ditu, eta Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariekin ariko da. Kontzertua prestatzeko aitzakiarekin, disko txiki bat grabatu du Asteasuko Udalak, eta kontzertuaren egunean bertan egongo da salgai.

Eñaut Agirre hernaniarrak bide luzea egin du bertsolaritzaren inguruko ikerketan, eta hainbatetan kantatu izan ditu aukeratutako aleak publikoaren aurrean. Pello Errotaren mendeurren ekitaldien barruan, Pello Errotak berak eta bere garaiko hainbatek botatako bertsoekin osatutako kantaldia maiatzaren 17an izango da, ostirala, 19:00etan Asteasuko udaletxean. Sarrerak 8 euro balioko ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!