[IRAKURRIENAK] «Interesgarria da bi herriek egindako lana eta ezagutarazi nahi dugu»

Jon Miranda Labaien 2019ko api. 20a, 20:13

Udalbiltzak Asteasun oroimen historikoaren inguruan bihar egingo duten jardunaldia babestu du; eskualdeko esperientziaz gainera, Sartaguda herrikoa ere eskainiko dute.

Hernaniko alkatea da Luis Intxauspe (Hernani, 1972) eta Udalbiltzako lehendakaria. Bihar Asteasun izango den jardunaldian parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.

Zergatik babestu du ekimen hau Udalbiltzak?

Udalbiltzaren lan ildo bat bada Euskal Herriko lurralde eta herritarren arteko elkar ezagutza eta kohesioa bultzatzea. Ditugun loturak estutzea da gure helburuetako bat, eta Asteasuk eta Sartagudak komunean dutena da oroimen historikoa berreskuratzeko lan handia egin dutela.

Horrelako esperientziarik bultzatu duzue, aurretik, Udalbiltzan?

Harremanak sortzen laguntzen du Udalbiltzak. Elementu kohesionatzaileak oso ezberdinak izan daitezke tokiaren arabera, dantza talde, kirol jarduera, proiektu ekonomiko edo sozial bat izan daiteke herrien edo lurraldeen arteko lotura egiteko aitzakia. Kasu honetan, oroimen historikoa da lotura. Guretzat interesgarria da Asteasun eta Sartagudan egindako lana eta ezagutarazi egin nahi dugu.

Biharko mahainguruan Txomin Hiriart-Urruty ere izango da. Nondik nora bere parte hartzea?

Udalbiltzaren eremua Euskal Herri osoa da. Asteasuren eta Sartagudaren arteko lotura 36ko gerra da, bi herriei eragin zielako. Ipar Euskal Herriaren kasuan, gerra zibilak ez zuen eraginik izan, baina bai Bigarren Mundu Gerrak. Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) haur errepublikarren koloniaren testigantza emango du Hiriart-Urrutyk eta, modu horretara, Euskal Herri osoko ikuspegi nazionala jasotzeko aukera izango dugu.

Zertan jarriko duzue azpimarra, biharko jardunaldian?

Oroimen historikoa berreskuratzea garrantzitsua da, gure herriaren historia jasotzea delako. Askotan, kontakizun hori irabazle eta galtzaileen ikuspegitik egin izan da, eta irabazleek kontatu izan dute, galtzaileei gertatutakoa. Gertaera latzak izan ziren eta, bereziki, emakumeen kolektiboekiko zapalkuntza, elementu garrantzitsua izan zen. Errekonozimendua da lehen pausoa, geroago egindako kaltearen erreparazioari bide emateko.

Oraingoz ez dira Asteasu eta Sartaguda senidetuko.

Ez. Oraingoz, lan komun bat egiten ari diren bi herriren arteko harremana sortu eta sendotu nahi dugu, eta esperientzia trukaketa bat bultzatu. Gerora, ikusiko da zer ematen duen harreman honek.

Asteasuko Udalak antolatu du biharko jardunaldia, baina beste erakunde askok hartu duzue parte.

Oroimen historikoaren gaia aipatzen badugu, ezinbestekoa da elkarlana, instituzio, erakunde, elkarte eta norbanakoen artekoa. Biharko mahai inguruan, Aranzadi zientzia elkartea ere izango da, adibidez. Memoria berreskuratzea ardura kolektiboa da, eta horretan elkarrekin aritu behar dugu.

ASTEASU&SARTAGUDA

APIRILAK 6, LARUNBATA

10:00. Asteasuko lubakietara bisita Karlos Almorza historialariarekin.

12:00. Mahaingurua udaletxean:

-Javi Bucesek, Aranzadi zientzia elkarteko kideak, Asteasun oroimen historikoa berreskuratzeko egindako lana azalduko du.

-Paolo Albanese eta Maximo Martinez, hurrenez hurren, Sartagudako alkatea eta Alargunen Herriko Elkarteko kidea dira, eta Sartagudako lanketaren berri emango dute.

-Txomin Hiriart-Urrutyk, Donibane Garaziko haur errepublikarren koloniaren testigantza emango du.

14:00. Bazkaria

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!