'Appa Asteasu!' aplikazioa aurkeztu du udalak

Ataria 2019ko apirilaren 5a

Herritarrek eta bisitariek Asteasuri buruzko informazioa jasotzeko tresna berria da aurkeztu dutena.

Asteasuko Udalak herritarren eskura jarri du Appa Asteasu! aplikazioa. Asteasuko Udaleko albisteak eta agenda jasotzeaz gain, herritarrek eta bisitariek hainbat informazio eta zerbitzu izango dituzte eskura: dokumentazio ofiziala, inkestak eta galdetegiak, zerbitzu publikoen informazioa, eta ostalaritza eta turismo informazioa, esate baterako.

Aplikazioa doan deskarga liteke Apple Store eta Google Play plataformetan. Behin hori eginda, erabili nahi dutenek erregistro bat egin behar dute, helbide elektroniko batekin. Erregistroa egindakoan, aplikazioa konfiguratu liteke, abisuak eta albisteak jasotzeko. Udaleko webgunearekin eta sare sozialekin lotuta dago aplikazioa.

Ezaugarritzat, Asteasuk oraindik ahozkotasuna eta komunikazio zuzena dituen neurrian, keinu bat egin nahi izan diote izenarekin, epa diosala eta mugikorretarako aplikazioak izendatzeko erabiltzen den app hitzen arteko jolasarekin. Zitu enpresak garatu du, eta eskuragarri dago iOS eta Android sistema eragileekin funtzionatzen duten mugikorrentzat.

Igandean kontzertua

Agendaren atalean, adibidez, bihar Asteasun egingo duten jardunaldiaren berri jaso ahal izango da, Appa Asteasu! aplikazioaren bitartez, baita etzi Luberri abesbatzak eskainiko duen kontzertuaren berri ere. San Pedro elizan, 19:00etan eskainiko du kontzertua, Donostiako Antigua-Luberri ikastetxeko guraso elkartearen ekimenez, duela hamar urte luze sortu zen abesbatzak. 2008an bi helbururekin sortu zen koroa: musika eta kantua lantzea, batetik, eta guraso nahiz irakasleak bilduko zituen dinamika probetxugarri bat eskaintzea, bestetik.

Junkal Guerrero Langara andoaindar musikaria da abesbatzaren zuzendaria. Asteasuko San Pedro elizan, igandean eskainiko duten kontzertuan, Ignacio Arakistain ariko da organoan, eta Eli Rubio izango da soprano bakarlaria. Besteak beste, Mendelsshon, Rheinberger, Aita Madina, Paul Casals, Sherzetto eta L. Vierneren piezak eskainiko dituzte. Xabier Lizardiren hitzak eta Junkal Guerreron musika daraman Etorkizuna kantuarekin, eta Javier Bustok moldatutako Axuri beltza piezarekin amaituko dute saioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!