Bernardo Atxaga eta Xabi Payaren hitzaldia Asteasun

Ataria 2019ko apirilaren 12a

Gaur, ostirala, 19:00etan Asteasuko udaletxean izango da hitzaldia, Pello Errotaren heriotzaren 100. urteurreneko ekitaldien barruan. Bestalde, gaur iritsiko da zinema aretoetara Atxagaren eleberrian oinarritutako 'Soinujolearen semea' filma.

Aurrera jarraitzen dute Pello Errotaren heriotzaren mendeurrena oroitzeko ekitaldiek. Horien barruan, Bernardo Atxagak eta Xabi Payak Pello Errotaren eta Mikaela Elizegiren ondareari buruzko hitzaldia emango dute. Iazko apirilean Joxan Goikoetxearekin, Maialen Lujanbiorekin, Anjel Mari Peñagarikanorekin eta Bernardo Atxagarekin berarekin egindako saioaren jarraipena izango da.

'Soinujolearen semea' filma

Gaur iritsiko da, bestalde, zinema aretoetara Soinujolearen semea, Bernardo Atxagaren eleberria oinarri hartuta Fernando Bernuesek zuzendu duen filma. Bi lagunen arteko harremanetik tiraka, XX. mendeko Euskal Herriaz hitz egiten duen pelikula.

Bernardo Atxagak, 2003an argitaratu zuen Soinujolearen semea nobela. Egunotan idazleak iragarri du literaturara eraman nahi duela Altsasuko auzia. Zehazki, eleberri bat idazteko asmoa du. Ebazpen judizialari lotuta, "oso nahigabetuta" dagoela adierazi zuen atzo Euskadi Irratian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!