Interneta landa eremura gerturatzeko beste urrats bat eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Asteasuko Gorua Goiena baserrian banda zabal ultra azkarra jarri dute. Aurrerantzean 600 MB-ko konexioa izango dute eta horrek euren eguneroko lanetan lagungarria izango zaiela esan dute baserriko arduradunek. Gorua Goienan Goine gaztak egiten dituzte bertan.
Asteasuko baserria lehenengotarikoa izan da, baina Foru Aldundiaren asmoa da Gipuzkoako 49 herri txikitako 2.040 baserritan gauza bera egitea. Horretarako abiarazi zuten duela lau urte LandaGipuzkoa+ programa. Asmoa da 2.500 biztanletik behera dituzten herrietan azpiegitura berriak garatzea, eten digitala txikitzea, jardun ekonomiko berriak bultzatzea eta gizarte zerbitzuak hobetzea. «Bizirik dagoen landa eremua nahi dugu, lehiakorra eta erakargarria, eta banda zabal ultra azkarra zabaltzeko proiektuak ate asko zabaltzen dizkie Gipuzkoako 49 herri txikietako gune sakabanatuenetan bizi eta lan egiten duten bizilagunei; horixe baita digitalizazioaren arloan dugun gabezietako bat», esan zuen Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Asteasuko baserrira egindako bisitan.
Bost herritan
Horiek horrela bost herri dira jada «teknologia eta zerbitzu aurreratuenez» gozatzen dutenak; Asteasu, Amezketa, Larraul, Zaldibia eta Ezkio. Banda zabal ultra azkarraren instalazio prozesuaren lehen fasea duela bi hilabete hasi zen, eta 31 herriri eragiten die eta «oso aurreratua» dagoela esan du aldundiak. Eremu ikerketa eta katastroarekin parekatzea burututa dago udalerri guztietan, baimenak lortzeko tramiteak aurrera jarraitzen dute, hedatzearen diseinua bukatuta dago lantzen ari diren 63 guneetako 35tan, eta lanak guztiz amaituta aipatutako bost udalerrietan. 31 herrietara irailaren 30erako iristea espero dutela ere aurreratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
«Joseba eta Maria Jesusen familiak, eskola adina duten bi haurrekin eta negozio txiki baten jabe direnak, hirigune batean bizi den beste edozein familiak izan ditzakeen beharrak ditu, eta abiadura altuko Internet konexioa izateko aukera izatea justua da. Gainera banda zabal ultra azkarra ate bat da landa inguruko ekonomiari bultzada bat emateko eta berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzeko». «Honek berebiziko garrantzia du etorkizuna begira ere, lurralde orekan aurrera egiten jarraitzeko eta landa inguruneak zerbitzu eta teknologia maila aurreratuenak izan ditzan, eten digitala atzean utziz», gaineratu zuen Olanok.
Konexio ultra azkarra lortzeko Foru Aldundiak 2.355.892 euroko diru laguntza eman dio Espainiako Telefonica enpresari.