Eskolari izena ematen dionaren izana

Jon Miranda Labaien 2019ko mar. 15a, 14:49

Asteasun, Pello Errotaren heriotzaren mendeurrenaren harira abiatu dituzten egitasmoen barruan, unitate didaktikoa prestatu du eskolak; ikastetxetik pasatzen diren ikasle guztiek izango dute bertsolariaren berri.

Asteasuren nortasuna eta ezaugarriak ondo irudikatzen dituzte Pello Errotak eta Mikaela Elizegik. Horregatik, iaz hasita eta bertsolari ezagunaren heriotzaren ehungarren urteurrena baliatuta, bere balioa eta ondarea sustatzeko egitarau zabala ari da garatzen udala. Transmisiotik nortasuna berreraikitzen leloari helduta, unitate didaktiko bat prestatu dute orain, Pello Errota herri eskolan landu dadin. Asteasuko ikastetxe bakarra izanik, bertatik pasatzen dira herriko ia ume guztiak; Aitor Atxega irakaslearen esanetan, «hemendik aurrera, eskolan bi urterekin sartu eta hamabirekin atera bitarte, gure ikasleek, hiru edo lau aldiz behintzat, Pello Errotaren inguruko lanketa egingo dute».

Ikastetxean egunerokotasunean lantzen dituzten ikasgaiak, bertsolari ezaguna aitzaki bezala hartuta landuko dituzte, urtean bina orduz, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren zikloetan. Adibide bat jarri du Atxegak: «Ikasleek herriko mapa landu behar duten garaian, herrian dauden zazpi erroten aztarnak aztertuko dituzte, Pello Elizegi errotaria zela gogoratuz». Unitate didaktiko «txikia, motza eta praktikoa» egin dutela aipatu du irakasleak eta, batez ere, denboran iraungo duena, «orain arte, eskola barruan ez baita gisa honetako lanketarik egin».

Gauza «sinplea» da prestatu dutena, baina horrek ez du esan nahi egitea kostatu ez zaienik. Pello Errota herri eskolako arduradunek Asteasuko Udalari aitortu diote unitate didaktikoa prestatzeko «ekimena, denbora, eta ahalbidea». Udal teknikariek landu dute edukia eta, aldi berean, aholkularitza eman dute irakasleek. «Urteurrenaren barruan, ondo kalkulatuta, ito gabe, mimoz egiten saiatu gara. Gero, gure ikasleak izango dira bertsozale, edo ez, baina behintzat, asteasuar diren neurrian, Pello Errota zein zen jakingo dute», esan du Atxegak.

Bertsoak kantatuz

Ahozkotasuna lantzeko saiakera egiten ari dira, hezkuntza sisteman, azken urteetan eta Asteasun, bertan duten altxorra baliatu nahi izan dute lanketa egiteko. 1963an Mikaela Elizegi Pello Errotaren alabak, Antonio Zavalari kontatu zizkion pasarteekin osatu zuen liburua. eta Auspoa bilduman jaso. Duela bi urte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, Aauspoa bilduman ikusi zuen argia hirugarren argitalpenak, Asun Garikano tolosarrak euskara batura moldatua, eta Bernardo Atxagaren hitzaurrearekin. Liburu horren balioaz aritu da Atxega: «Arreta ematen du 26 silabatan nola esan daitezkeen gauzak hain dotore, hain ondo, askotan aditz bakarrarekin. Hor ikusten da, garai hartako jendeak ia zortziko txikian hitz egiten zuela. Iruditzen zaigu, ahozkotasuna lantzeko baliabide aparta dela».

Herriko bertsolari Haritz Mujikari liburutik 30 ale apartatzeko eskatu, eta horiekin abiatu dute lana ikasleek. Aitor Atxega, musika irakaslea izateaz gainera, Eñaut Agirrerekin ibilia da bertso zaharrak musikatzen. Pello Mari Otañoren eta Pernando Amezketarraren bertsoekin emanaldiak egin izan dituzte eta, Pello Errotarenak jasoz, maiatzaren 17an aritzekoak dira, Asteasuko Santa Krutz ermitan. Hortaz, urteotan bildutako doinu zaharrak prestatu eta grabatu dituzte, etxean duen musika estudioan. Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek kantatu dituzte bertsoak. «Ikasleak estudiora eraman nahi izan ditugu grabazioaren esperientzia hori bizi dezaten; ikus dezaten, neurri handi batean, artifizioa dela guztia, edizio asko dagoela guk entzuten dugun musikan». Grabatutako bertsoak entzungai dira www.pelloerrota.eus webgunean, eta Santa Ageda egunaren ondorengo astean ere entzun ahal izan ziren, eskolako sarrera eta irteera orduetan, bozgorailuetatik.

Bestelako egitasmoak

Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua liburuan agertutako bertsoak kantatzeaz gainera, horietan oinarritutako antzerkitxoak eskainiko dituzte bigarren hiruhileko amaierako Literatur Astean. Irratsaioak, irakurketa konpartituak eta antzerkiak eskainiko dituzte, Aste Santuko oporren aurreko astean.

Aurten eskolan egingo dituzten ekitaldietan presente izango dituzte Pello Errota eta Mikaela Elizegi. Lehen hiruhileko amaieran argitaratu zuten aldizkarian, parte handi bat eskaini zieten biei eta, aurtengo inauterietako jaialdian, esate baterako, Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleak aita-alabez mozorrotuta azaldu ziren, pregoia emateko. Jarduera horiekin jarraituko dute aurrerantzean ere, baina orain Pello Errotaren irudia modu jarraituan jorratuko dutela ziurtatu dute, unitate didaktikoarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!