M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2019

Ostegunetik igandera, Asteasuko emakumeak erdigunean

Jon Miranda Labaien 2019ko martxoaren 9a

Ostegun iluntzean hasita eta bihar arte, Asteasuko Emakume Taldeak antolatutako ekitaldiak ari dira egiten herrian. Gaur goizean triki-poteoa izan dute, eta ondoren bazkaria, Itturri-Ondo jatetxean.

Atzo goizean Lamitegin zuten deialdia Asteasuko emakumeek, Aiztondoko kotxe karabanan parte-hartzeko. Eguerdian egin zuten ekitaldi nagusia kultur etxe parean. Pili Legarrra Asteasuko alkateak udalak adostutako konpromiso agiria irakurri zuen. Nekane Txapartegi asteasuarrak Zurichetik bidalitako mezua entzun ahal izan zen segidan, eta Larraitz eta Malen Alkorta ama-alabek pieza bat kantatu zuten. Bertaratutako emakume guztien argazkiarekin amaitu zen ekitaldia. Ondoren Asteasuko emakumeak Zizurkilera abiatu ziren bazkaltzera, arratsaldean Donostiako manifestazioan parte hartzeko.

Emakumearen Eguneko ekitaldiak asteburu osoan zehar luzatuko dira, besteak beste, gaurko bazkariarekin batera, bihar, Asteasuko 20 emakumetik gora Lilatoian izango dira Donostian eta iluntzean Erradikalak gara ikuskizuna izango da udaletxeko ikus-entzunezko gelan.

Argazkiak eta bideoa: Gari Otamendi

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!