Tratu txarretatik tratu onetara pasatu nahi dute Asteasun

Jon Miranda Labaien 2019ko ots. 21a, 12:59

25 urtez azpiko dozena bat gazte ari dira, indarkeria matxistaz hausnartu eta harreman eredu berriak sortzen, Arremanitz kooperatibak gidatuta

Asteasuko Udalak badu kezka indarkeria matxistarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak, 10.000 biztanletik beherako udalerriei begira, Berdinbidean programa du martxan, 2010etik. Lerro estrategiko batzuk eskaintzen ditu programak, lantzeko, eta, aurretik emakumeen jabekuntzarekin egin zuten bezala, orain, Asteasun, gazteekin jorratu nahi dute indarkeria matxista. 2018ko udazkenean abiatu zuten lanketa eta, herriko gazteek beraiek eskatuta, urte berriarekin jarraitzen dute. Udalak egitasmoa babestu du.

Asteasuko 25 urtez azpiko dozena bat gaztek hartu dute parte, orain arte, prozesuan. Urrian egin zuten lehen bilerara mutil bakarra bertaratu zen, eta gerora batu dira gainerakoak, nagusiki, «ahoz aho» zabaldu baita herrian, talde sortu berriaren lana. Gaur egun, erdiak dira mutilak eta erdiak neskak. «Lan berezia eta berezitua» egiten dute batzuekin zein besteekin, Axier Blagietto Arremanitz kooperatibako kideak aipatu duenez. Udalak prozesua dinamizatzeko jo du kooperatibara, eta udazkenean egindako bileretan parte hartzaileek beraiek zehaztu zituzten zein behar zituzten. «Urte berriarekin egin ditugun bileretan, saioaren lehen zatian, alde batetik neskak eta bestetik mutilak elkartu izan gara eta, bigarren zatian, denok elkartu eta landutakoa konpartitu izan dugu».

Aurreko larunbatean, adibidez, autodefentsaren gaiari heldu zioten neskek, aurretik beren aldetik sumatu zuten behar bati erantzunez. «Indarrarekin lanean ibili gara, hori gorpuzten». Taldean bertan gaiari buruz ezagutza duen emakume batek gidatu zuen saioa. «Aliantza honetan, dauzkagun baliabideak konpartitzea garrantzitsua da, jendea kanpotik ekarri gabe».

Beren aldetik, kultur etxeko areto batean bildu ziren mutilak, larunbatean, eta horiek ere, indarkeri matxistaren inguruan iritziak partekatu zituzten: «Gai horrekiko gizonezkook nola posizionatzen garen argitzen saiatu gara eta, ulertzen, zergatik sortzen diren, batzuetan, erresistentziak». Hitz egiteko tartea hartu ondoren, gorputzei arreta jartzeko okasioa izan zutela aipatu du Bagliettok. «Interesgarria izan da, ikustea, nola behar-beharrezkoa dugun, gizonezkook, kontaktu fisikoa. Babes hitza askotan agertu da, emozionalki bestea gertu sentitu behar dugu. Horren faltan gaudenean, bakardade eta isolamendu horretatik, askoz ere errazagoa baita, indarkeria jarreretara gerturatzea. Beharrezkoa dugu humanoki ditugun beharrak asetzea».

ESPAZIO SEGURUA SORTU DUTE

Taldean parte hartzen duen emakume batek azpimarratu duenez, «polita» izan da orain artekoa: «Nik ez nuen horrelakorik bilatzen, eta ez nuen espero, baina espazio seguru bat sortu da, oso sanoa, gainera». Parte hartzaile guztiek elkar ezagutzen zuten lehenagotik, baina taldean egiten ari diren lanketari esker harremanak «estutu» egin dituztela nabarmendu dute. «Nik badakit, muturreko egoera batean, hemen dauden pertsona guztiak konplize izango ditudala. Beraiek badakite une horretan nola sentituko naizen, eta laguntzeko prest agertuko zaizkit», esan du emakumeetako batek.

«Ulermena eta konfiantza» azpimarratu dituzte prozesuan parte hartzen ari diren guztiek. Mutiletako baten esanetan, gai horiei buruz hitz egiteko «aurretiazko jarrera positiboa» daramate kideek, taldera. «Badakigu minduta senti gaitezkeela momenturen batean, baina ez dela inoiz intentzio txarrarekin egina izango. Ni, adibidez, ez naiz inoiz epaitua sentitu. Egiten diren kritika guztiak eraikitzaileak dira, horrelako eremuetatik kanpo sarritan pasatzen ez dena». Baglietto ere bat dator: «Eremu intimo bat sortzen ari gara, konfiantzazkoa eta epairik gabea. Espazio bat da, non gizonezkook zaurgarri ager gaitezkeen; non hausnar dezakegun, nola egin garen gizon, nola ikasi dugun gizon fatxada hori eraikitzen. Bide luzea da, badakigu, baina eraginkorra izango da, gure zauriei begiratu, eta gu sendatzeko balio duen neurrian».

Aukera berriak probatu eta sortu nahi dituzte Asteasun. «Benetako alternatiba bat sortu nahi badugu, eraikitzea da kontua», esan du emakumeetako batek. Tratu txarren inguruan baino, tratu onak asmatzen jardun nahi lukete aurrerantzean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!