Pello Errota eta Mikaela Elizegi gogoan izango dituzte urte guztian

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urt. 31a, 20:01

Arnas luzea eman nahi izan dio Asteasuko Udalak, Pello Errotaren heriotzaren mendeurrenari, eta 2018an hasitako ekitaldien jarraipena izango da, aurtengorako prestatu dutena.

Pili Legarra alkatearen ustez, Pello Errotak eta Mikaela Elizegik «oso ondo irudikatzen dituzte Asteasuren nortasuna eta ezaugarriak». Aldi berean, «Asteasu bezalako herriek beren izaera eta identitatea aldarrikatzea» garrantzitsua dela deritzo, kultura homogeneizatzen ari den garaiotan.

Biek transmititzen dituzten ezaugarriak nabarmendu nahi dituzte, urtean zehar antolatu dituzten ekitaldietan, eta astelehenean emango diete hasiera, Santa Eske bereziarekin.

Bertsozale elkartearen eta Harituz Bertsozale Elkargunearen laguntza izan dute eta, egitasmo horiek antolatzeko, etorkizunera begira jarri dira udal ordezkariak. Udala Pello Errotaren izena daraman herriko eskolarekin harremanetan jarri zen eta, elkarlanean, unitate didaktiko bat ere prestatu dute.

Iazko otsailean jarri zituzten martxan mendeurrenaren ekitaldiak, baina, zehazki igandean, otsailaren 3an, beteko dira ehun urte, Pello Errota hil zela. Pedro Elizegi Maiz asteasuar errotaria izan zen, baina euskal gizartean denek Pello Errota moduan ezagutzen dute.

Mendeurrenaren ekitaldietan Pello Errota bakarrik ez, Mikaela Elizegi haren alaba ere omendu nahi dute. Alabari esker iritsi da, gaurdaino, Pello Errotaren berri, berak kontatu baitzizkion, Antonio Zabalari, aitaren pasadizo eta bertsoak. Emakume berezi, indartsu, berritsu eta memoria onekotzat definitu izan dute. Eta, Bernardo Atxagak, hari buruz hitz egitean, adimen handiko eta euskara eta sormen maila altukotzat aipatu izan du beti.

UNITATE DIDAKTIKOA

Pello Errotako irakaslea da Aitor Atxega: «Orain artean ez genuen Pello Errotari buruzko horrelako lanik eginda, eta handik eta hemendik bilatzen eta baliatzen genituen literatura asteak, ahozkotasuna,... Pello Errota lantzeko».

Eskolak frogazaleak direla argitu du Atxegak, eta egin duten unitate didaktikoa «oso gauza zuzena, erreala eta egingarria» dela ikusten du. Eskolan ondo aprobetxatuko dutelakoan dago: «Oso ondo bereizita daukagu unitate didaktikoa, gazteenetatik zaharrenetara bitarte. Eta Pello Errota eta Mikaela Elizegi aitzakia hartuta, heziketan sartuta dauzkagu natur zientziak, giza zientziak, hizkuntza, artea, sormena,...».

Irakaslearen ustez, «ziurtatuta dugu unitatea ez dela boladako kontua izango, beti erabiliko dela baizik. Batik bat, intentzio egiazalearekin eta oso dosi jasangarrietan eginda dagoelako, era praktiko eta argian».

Asteasuk eskola bakarra izanik, ia haur guztiak bertako eskolatik pasatzen dira eta, beraz, guztiek izango dute Pello Errotaren berri, eta baita Mikaela Elizegi bere alabaren berri ere.

EGITARAUA

Otsailak 4, astelehena

Santa Eske berezia. Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Aitor Sarriegi eta Haritz Mujika bertsolariak ariko dira koplatan, eta lagun izango dituzte Usarrabi abesbatza eta Juan Tapiaren ikasle diren trikitilariak. 17:00etan plazan elkartu eta bizpahiru taldetan banatuko dira ia baserri guztietara iristeko. Pello Errota eskolako ikasleek ere beste auzo batean abestuko dute, eta 19:00etan Aitzondo elkartean bilduko dira guztiak herrigunea tabernaz taberna zeharkatzeko. 16:00etan, Usarrabi abesbatza Elizmendin eta Behebailaran hasiko da eskean.

Martxoak 10, igandea

Ane Labaka eta Beatriz Egizabal. Erradikalak gara saioa eskainiko dute feminismoa ardatz hartuta. Egungo gizartean kontraesanak agerian uzten dituen emanaldia da. Umoretik abiatuta, ikusleen sentimenduak ukitu nahi dituzte.

Apirila

Xabi Paya eta Bernado Atxaga. Pello Errotaren eta Mikaela Elizegiren aro historikoak, sormen klabeak eta gizartea ezagutzera emateko hitzaldia eta solasaldia izango da, eguna aurrerago zehaztuko dute.

Maiatzak 4, larunbata

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko lehen saioa izango da, Asteasun.

Maiatzak 17, ostirala

Bertsoen kantaldia. Pello Errotaren eta Mikaela Elizegiren bertsoaldien aukeraketa egingo dute. Eñaut Agirrek abestuko ditu, Imanol Kamio piano jotzailearen eta Aitor Atxega gitarra jotzailearen laguntzaz, Santa Krutz ermitan.

Udazkena

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren aurkezpena. Txapelketan parte hartuko duten bertsolari, gai-jartzaile eta epaile guztiak Asteasuko aurkezpenean izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!