«Egoki ikusi dugu hemen finkatzea gure elkartea, lana eta borroka»

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 29a, 13:00

Chrysallis elkartea azalberritu eta Naizen izango da aurrerantzean; Asteasuko Abi Labaien elkarteko kideak esan du, zortzi familia izatetik ehundik gora izatera pasatu direla.

Jaialdi hunkigarri eta berezia jaso zuen larunbatean, Donostiako Antzoki Zaharrak. Naizen Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Adingabe Transexualen Gurasoen Elkartea aurkeztu zuten, orain arteko Chrysallis, alegia. «Larunbateko festa mundiala izan zen, ezin dut hitzez deskribatu. Sentimenduz beteriko festa alai eta hunkigarria izan zen» esan du Abi Labaien elkarteko kide asteasuarrak.

2015ean sortu zuten Chrysallis elkartea. Zortzi familia ziren orduan, baina elkartea haziz joan da eta, gaur egun, 100 bat familiak osatzen dute; horrek ere ekarri du elkarte berriaren sorrera. Izan ere, ez da izen aldatze soila; Chrysallis Naizen izango da aurrerantzean eta Espainiako Chrysallis elkartearen adar bat izatetik talde independente izatera pasa da. Erlazioak lantzen jarraituko dute, dena den, baina beste era batean. «Chrysallis Euskal Herria sortu genuenean zortzi familia besterik ez ginen. Nolabait Chrysallis EH estatu mailako Chrysallisen menpe zegoen. Ikusi duguna da, azken urte hauetan zortzi familia izatetik 100 familiatik gora izatera pasatu garela, eta hazten goazela. Zentzu horretan ohartu gara guk nahiko lan badugula EAE eta Nafarroan, gure gobernuekin eta gure legeekin aritzeko. Gure ustez, hemengo lan hori finkatzeko, elkartea hemen finkatu behar genuen, Madrilera begiratu gabe; nahiz eta jarraitzen dugun estatu mailako Chrysallisekin eta beste hainbat elkarterekin lanean. Euskal Herrian bertan badugu nahikoa lan, eta egoki ikusi dugu, gure elkartea, lana eta borroka hemen finkatzea», esan du Labaienek. Astero, gutxienez hiru dei berri jasotzen dituzte; horiek guztiak ez dira elkartera batzen, «baina erakusten du inguruan oraindik badela, laguntza eta informazioa behar duten familia gehiago ere».

Urteotan, elkartearen abaroan, trebakuntza eskaini dute transexualitatearen arloan, eta kanpainak ere egin dituzte gaia gizarteratzeko. Sostengu emozionala ere izan dira hainbat familiarentzat, eta aholkulari jardun dute, alorrean aritu behar duten profesionalentzat.

Naizen izena du elkarte sortu berriak, eta izena Ekaitz Goikoetxeak egindako oparia dela esan du Labaienek: «Poesia bat da. Naizen hitza, hitz asmatu bat da, eta atzean hitz joko bat dago. Goikoetxeak bere momentuan azaldu zigun 'orain naizena' eta 'atzo nintzena'ren arteko hitz joko bat dela. Era berean, haizearen jokoa ere egiten du, haizeak h hizkia eraman izan balu bezala...».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!