Martxoan amaituko dira plaza egokitzeko lanak

Jon Miranda Labaien 2019ko urt. 24a, 14:16

Asteasuko Udalak 2,2 milioi euroko aurrekontua izango du 2019an eta, plazaz gain, Errekabailarako saihesbidea izango da inbertsio nagusia

Martxoa erdialderako amaituko dira Asteasuko plaza oinezkoentzat egokitzeko lanak. Pili Legarra alkatearen hitzetan, «esfortzu handia» suposatu du proiektuak, «urteetako ahalegina». Bigarren faseari ekin diote, urtarrilean, 380.000 euroko (BEZik gabe) aurrekontuarekin. «2011n, Asteasu Batuzek udal gobernuaren ardura hartu zuenean, udalak 2,6 milioi euroko zorra zuen, eta orain, 600.000 euro ingurura murriztu dugu. Udalak bi mailegu ditu, eta otsailean kitatuko dugu horietako bat, duela 12 urtetik datorkiguna. Zorra amortizatzera, aurten, 101.700 euro bideratuta, Asteasu bezalako herri batentzat jasangarria den kopuruan ibiliko gara», esan du Legarrak.

Plaza egokitzeko lana izan da legealdi honetako proiektu «izarra» eta, lan horiek egiteko mailegurik eskatu gabe, zazpi urteko aurrezpena baliatu dute obra egiteko. «Plaza berritzeko beharrezkoa den dirua bermatuta dago, baina, iaz bezala, lan horiek finantzatzeko Eusko Jaurlaritzak aurten ere diru laguntza ematea espero dugu. Lehen faseko lanek 310.000 euroko aurrekontua zuten eta, landa eremuko laguntzei esker, %63an finantzatu zuen Eusko Jaurlaritzak». Herriko bizi kalitatea hobetzeko puntuei begiratzen diete laguntzak banatzerako orduan, bereziki, energia berriztagarrien erabilerari. «Asteasuko plazaren azpiegiturak ez dira inoiz ukitu izan eta, orain, lehenengo aldiz, ur garbiak eta ur zikinak bereizi eta saneamendu sarera lotuko dituzte, Adunako araztegira eramateko. Argiztapena led sistema bitartez egingo da eta, hodien bitartez, udaletxea, kiroldegia eta kultur etxea lotuko dituzte. Etorkizunean, energia sistema fotovoltaikoa edo egur pellet sistema erabili nahi izanez gero, berokuntza sare bakar baten bitartez lotuta geratuko lirateke hiru eraikinak. Berdin sare informatiko eta teknologia berriekin», aipatu du alkateak.

SAIHESBIDEA AMAITZEKO

Errekabailara lotzeko saihesbidea bukatuko du, Asteasuko Udalak, 2019an. Bigarren zatia egin ahal izateko, lurra erosi, eta zerrategiko aktibitateari eragiten dion afekzioa ordaintzeko, 101.000 euro gorde dituzte aurrekontuan. Beste 37.000 euro bideratuko dituzte obra egitera.

Inbertsioen kapituluan beste 135.000 euro daude, gordeta, hainbat lan egiteko. Aurreko urteetan bezala, baserri bideak konponduko dituzte. «Beharrak aztertuko ditugu, eta okerren dauden bideak konponduko ditugu. Lan horietarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eskatuko dugu».

Udalak «zuhurtziaz» osatu du aurtengo aurrekontua, Legarrak nabarmendu duenez: «Horregatik da inbertsioen atala, hain txikia. Sarreretan ziurtatuta dauzkagunak baino ez ditugu aurreikusi, eta ahal den laguntza deialdi gehienetara aurkeztuko gara. Lortzen baditugu, kreditu gehikuntza egin eta beste inbertsio batzuk gauzatu ahal izango ditugu diru horrekin». Aurrekontuaren parte handi bat, herrian ematen dituzten zerbitzuak ordaintzera bideratzen du, Asteasuko Udalak: «Kiroldegia, ludoteka, gaztelekua, igerilekua... Azpiegitura asko ditugu herrian, eta horien mantenuak diru dezente suposatzen du. Urtero, 1,1 milioi euro bideratzen dugu horretara. Hala ere, uste dut, herritarrek estimatzen dutela zerbitzu horiek herrian bertan edukitzea».

Kulturaren arloan, Pello Errotaren heriotzaren mendeurren ekitaldiekin segiko dute eta, besteak beste, hil zeneko 100 urte betetzen diren egunean, otsailaren 3an, Santa Ageda eske berezia egingo dute herrian. Asteasuko bertsolariari buruzko unitate didaktiko bat ere aurkeztuko dute aurki.

Berdintasun arloan ere, iaz abiatutako ekimen batekin jarraituko dute 2019an. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdinbidean programan parte hartzen du Asteasuk, eta indarkeria matxista gazteekin lantzeko ahalegina egiten ari dira. «18 urtetik 25 urtera bitarteko gazteak hasi dira, eta oso gustura ari dira, esperientzia izugarri aberatsa izaten ari omen da. Gazteek beraiek eskatu digute, 2019an programarekin jarraitzea». Udalak eta foru aldundiak elkarrekin finantzatuko dute lanketa hori, eta Arremanitz elkarteko Asier Baglietto ariko da, gazte taldea dinamizatzen. Hurrengo hitzordua larunbatean izango dute, udaletxeko balio anitzeko gelan.

«Gaia ez da batere erraza. Oraingoz hiruzpalau mutil badabiltza, eta jende gehiago batzeko aukera izango da. Jarraitu beharra dago gai horrekin, tantaka-tantaka, gauzak aldatzen joango badira», dio Legarrak.

HONDAKINAK ARDURAZ KUDEATZEKO DEIA

Joan den astelehenetik, errefusarentzat edukiontzi berriak daude Asteasun, eta horiek irekitzeko txartel elektronikoa erabili beharko da. Familia bakoitzeko txartel bat banatuko dira eta, txartel horrekin, astean zehar, gehienez ere, edukiontzia lau aldiz ireki ahal izango da, edozein egun eta ordutan. Herrigunean, txartel bidez zabalduko diren beste bi edukiontzi jarri dituzte, organikoarentzat .

2019an 9.500 euro bideratu dituzte edukiontzietan aldaketak egin eta sarrailak jartzera. Gainera, maiatza-ekaina bitartean, Tolosaldeko Mankomunitateko teknikari bat ariko da, herrian, azalpenak ematen.

«Nik ardura eskatzen diet herritarrei. Gure hondakinak dira, eta guk kudeatu behar ditugu. Zenbat eta errefusa gehiago bidali, orduan eta kostu handiagoa udal altxortegiaren kontu. Denok ondo egiten badugu, denon onerako izango da», esan du Asteasuko alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!