'Soinujolearen semea' apiriralen 12an helduko da zinema aretoetara

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 14a, 18:09

Bernardo Atxaga Asteasuko idazlearen eleberri pertsonaletako eta adierazgarrienetariko bat da, eta kasu honetan, Patxo Telleriak egokitu du zinemarako gidoia.

Antzerkiak izandako harrera paregabearen ostean, Fernando Bernues, telebista, zine eta antzerki zuzendariak (Kutsidazu bidea, Ixabel; Uda gau bateko ametsa…) eleberri hau pantaila handira darama aktore hauen babesarekin: Aitor Beltran, Iñaki Rikarte, Cristian Merchan, Bingen Elortza, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson, Miren Arrieta, Laia Bernues eta Eneko Sagardoy (2018ko Aktore berri onenaren Goya Saria), besteak beste.

Adiskidetasunari, traizioari eta indarkeriari buruzko istorio hunkigarri hau protagonisten hiru garai ezberdinetan oinarritzen da (haurtzaroa, 20 urtetako gaztetasuna eta azkenik 50 urte inguruko garaia) Euskal Herrian bizi izandako historia aztertzeko.

Fernando Bernuesen hitzetan "sentimenduetan jartzen du indarra Soinujolearen semea lanak; hain zuzen ere, bi lagunek, hogeita bost urtez elkarren arteko harremana drastikoki etenda izan ondoren, berriz topo egingo duten unean. Iraganaz hitz egiteko eta sozialki metaforikoa izan daitekeen isiltasuna apurtzeko azken aukera izan dezakete aspaldiko lagun min hauek”.

Erronka handi honi aurre egiteko, Abra Prod eta Tentazioak konfiantza handiko profesionalen laguntza izan dute: Gonzalo F. Berridi (8 apellidos Vascos, La Buena Nueva) argazki zuzendaria, Peio Villalba arte zuzendaria (Igelak, Bi anai), Raúl López muntaketa lanetan (Lasa eta Zabala, Handia- 2018ko Muntaketa onenaren Goya Saria), jantzitegi lanetan Saioa Lara (Operación Concha, Handia- 2018 jantzitegi onenaren Goya Saria) eta pertsonaien karakterizazioaz, makillaje eta ile-apainketa lanetan, alegia, Karmele Soler (Lasa eta Zabala, La piel que habito -2012ko Makilaje eta ile-apainketa onenaren Goya Saria-) eta Olga Cruz (Bajo la piel del lobo, Handia -2018ko Makilaje eta ile-apainketa onenaren Goya Saria-) arduratu dira.

Soinujolearen semea filmak Eusko Jaurlaritza eta ICAAren laguntza eta ETBren partaidetza du. Filmax eta Barton Films izango dira banatzaile lanetan arituko direnak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!