Txartel batekin irekiko dira errefusarako edukiontziak Asteasun

Jon Miranda Labaien 2019ko urt. 8a, 09:00

Asteasun hondakin organikoak biltzeko, auzo konposta guneekin batera, txartel bidez funtzionatuko duten bi edukiontzi jarriko dituzte

Asteasuko hiri hondakinen bilketa sisteman aldaketa nabarmenak egin ziren 2013an hondakinak hobeto bereizteko helburuarekin. Hasiera batean aldaketek harrera ona izan zuten, baina azkenaldian herritarrek dituzten jarrera eta ohituretan «motelaldi nabarmena» atzeman dela jakinarazi du Asteasuko Udalak. Arazo honen zergatiak aztertu eta herritarren iritzia ezagutzeko partaidetza egitasmo bat gauzatu zen 2018an. «Herritarren ustetan bilketa sistemaren ahuleziak azaleratu dira eta horiei irtenbide bat eman nahian, hiri hondakinen bilketa eta kudeaketa sisteman aldaketak egitea adostu da».

Errefusaren edukiontzi berriak jarri eta irekitzeko txartel elektronikoa erabiliko da hemendik aurrera. Familia bakoitzeko txartel bat banatuko da eta txartel horrekin astean zehar gehienez edukiontzia lau aldiz ireki ahal izango da, edozein egun eta ordutan. Herriko edozein edukiontzi erabili ahal izango da. Gainera, bilketa puntuen berrantolaketa egingo da, batez ere, industrialdean eta landa eremuan eta 13 puntuetatik 9ra pasako da, «beti ere malgutasunez jokatuz», udalaren esanetan.

Behar berezien arabera, adibidez, etxean fardelak erabiltzen dituzten haurrak edo adineko pertsonak izanez gero, txartelaren irekitze-kopurua areagotu daiteke. Txartelak ostirala bitartean Kale Nagusian zabaldu den informazio bulegoan jaso beharko dira. Tolosaldeko Mankomunitatea hezitzailea egongo da bertan, Kutxako bulego zaharrean. Astelehenetan 11:30etik 14:00etara, asteartetan 17:00etatik 19:00etara, asteazkenetan 11:30etik 14:00etara, ostegunetan 17:00etatik 19:00etara eta ostiraletan 11:30etik 14:00etara. Herritarren kezkak argitu eta aldaketek eragin ditzaketen arazoak kudeatzeko egongo da zabalik bulegoa. Sarraila elektroniko bidezko sistema berria urtarrilaren 21ean aktibatuko da.

ORGANIKORAKO EDUKIONTZIAK

Papera eta kartoia eta ontzi arinak biltzeko edukiontzi berriak jartzea adostu dute parte hartze prozesuaren ondoren. Horrekin batera, hondakin organikoaren bilketarako sarraila elektronikoa duten edukiontzi marroiak jartzea erabaki da. Errefusaren txartel berdinak balioko du hondakin organikoaren edukiontzietarako eta kasu honetan, urtarrilaren 15etik aurrera aktibatuko dira informazio bulegoan.

2013tik hona, konpost-guneetan biltzen da hondakin organikoa eta orain, froga modura bi edukiontzi marroi jarriko dira herrigunean. Denbora epe batean hondakin organikoak kudeatzeko bi sistemak batera funtzionatuko dute, eta gero, udalak emaitzak eta funtzionamendua aztertu ondoren zein sistema mantendu erabakiko du. Eskaeraren arabera, hasierako bi edukiontziez gain, beste guneetan gehiago jartzeko aukera ere aztertuko da.

Hondakin organikoa biltzeko edukiontziak mugarik gabe erabili ahal izango dira, eta horretarako behar diren poltsa konpostagarriak udalak banatuko ditu. Bestalde, herriko denda, taberna, ikastetxe eta elkarteei, alegia sortzaile bereziei, atez ateko bilketa sistema eskainiko die udalak, hondakin organikoa eta papera eta kartoia jasotzeko. Tamaina handiko hondakinen bilketa egunera arte itxaron ezin dutenei, berriz, gogorarazi nahi zaie, astelehenetik larunbatera, Andoain eta Tolosako Garbiguneak erabil ditzaketela.

ERRONKA KOLEKTIBOA

Aldaketa guzti hauekin Asteasun sortzen den errefusa gutxitu eta aldi berean gaikako bilketa areagotu nahi da, gutxienez, %65era igoz. Edozein kasutan, Asteasuko Udalaren eta Tolosaldeko Mankomunitatearen borondate eta konpromisoa da egokitzapenaren gertuko jarraipena egitea, partaidetza egitasmoan hainbatetan aldarrikatu den hobekuntza hori benetan lortzen den ziurtatzeko.

Bide batez, udalak lanketa ahalbidetu duten herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkie, eguneroko bizipen eta hobetzeko proposamenak partekatzeagatik, «sortzen ditugun hondakinak ondo bereizi eta kudeatzea, erronka kolektiboa bihurtu den ardura baita». Herritarren laguntza eskertzeko, edukiontzietarako txartela informazio bulegoan jasotzen dutenen artean bertako produktuen saski bat zozkatuko da urtarrilaren 14an, datorren astelehenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!