Larrañagak, Urruzunok eta Finolek jantzi dituzte txapelak

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 2a, 18:30

Urte zahar egunean, herri kirolen erakustaldia izan zen Asteasuko frontoian. Aizkoran, harri-jasotzen eta ingudean aritu ziren, bakoitzetik hiruna lagun.

Astelehen arratsaldean, Urtezahar egunean, hiru modalitatetan izan ziren lehiak Asteasuko frontoian. Aizkolariak, harri-jasotzaileak eta ingude altxatzaileak aritu ziren nor baino nor.

Batetik, Urrezko Aizkolarien Koparen finala jokatu zen. Ibarran bizi den Xabier Orbegozo Arria V.a izan zen eskualdeko ordezkaria, eta aurkari Mikel Larrañaga eta Iñaki Azurmendi izan zituen. Bakoitzak 20 kana erdiko ebaki behar izan zituen eta Larrañagak behar izan zuen denbora gutxien; guztira, 36 minutu eta 20 segundotan ebaki zituen enbor guztiak. Minutu bat eta 30 segundo gehiago behar izan zituen Arria V.ak, eta 42 minutu eta erdian amaitu zuen bere lana Azurmendik.

Mikel Larrañagak, Joseba Otaegi zizurkildarra utzi behar izan zuen bidean finalean sartzeko. Arria V.a-k, berriz, aurrena Jon Irazu zizurkildarra menperatu zuen, eta ondoren, Jon Rekondo. Iñaki Azurmendik, finalean egon ahal izateko Eneko Otaño utzi behar izan zuen bazterrean.

Bestetik, Gabonetako Harri-jasotze Sarian Inhar Urruzunok irabazi zuen lehia, orotara, 90 jasoaldi eginda. Xabier Peña eta Imanol Albizu Goikoetxe izan zituen aurkari. 87 jasoaldi egin zituen Peñak eta 82 egitea lortu zuen Goikoetxek. 100 kiloko zilindro zaharra, 100 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola erabili zituzten.

Azkenik, Gabonetako Emakumeen Ingude Kopa jokatu zen. Maika Aristegi, Virginia Finol eta Karmele Gisasola aritu ziren lehian 10 kiloko ingudearekin. Minutu eta erdiko lanean nork kolpe gehiago eman, horixe zen lehia, eta Finolek irabazi zuen 95 kolpe jota. Bigarren postuan, Aristegi geratu zen, irabazlea baino bi kolpe gutxiago eginda, eta Gisasolak 89 kolpe eman zituen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!