Elkartasuna garaile, Asteasun

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abe. 23a, 15:45

Goizean, Asteasuko IV. Elkartasun Krosa ospatu da herriko kaleetan. Aurten, bildutako dirua, Aiztondo bailararekin senidetuta dagoen El Salvadorreko Segundo Montes komunitateari laguntzeko izango da. Guztira, 169 korrikalarik hartu dute parte.

Adin guztietako herritarrek nahiz ingurukoek utzi ahal izan dute euren aletxoa elkartasuna adierazteko. Irteera puntuan lehenak, 2009an eta ondorengo urteetan jaiotakoak izan dira. 500 metroko itzulia eman diote zirkuituari. Enea Garmendia eta Aier Plaza izan dira azkarrenak. Benjamin mailan, berriz, Ane Martin eta Aritz Lahidalga izan dira lehenak helmugan.

Ondoren, 2005 eta 2008 urteen artean jaiotakoen txanda izan da, bi kilometroko ibilbidea egin behar izan dutelarik. Kategoria honetan, Aiara Agirrezabalak eta Unax Mendiak lortu dute lehen postuan amaitzea. Gero, itzuli solidarioa eman da. Ez da lasterka bat izan, eta partaideek, korrika edo oinez egin dute itzulia, tartean, herriko alkateak.

12:00etan, berriz, lasterketa nagusia abiatu da. Kadeteek lau kilometroko ibilbidea burutu dute, eta jubenil eta seniorrek, berriz, sei kilometrokoa. Kadeteetan Leire Martinez eta Josu Mujika izan dira garaile. Jubeniletan, Inar Herrero izan da azkarrena. Emakumezko inork ez du parte hartu kategoria honetan. Senior mailan, berriz, Asier Martinez gizonezkoetan, eta eskutik helduta iritsi diren Lourdes Colomo eta Aitziber Ibarbia emakumezkoetan izan dira bizkorrenak.

Haurretan, irabazle bakoitzari 10 euroko balioa duten txartelak eman dizkiete, eta helduetan, berriz, ardo botila eta gazta bana. Partaide guztientzat, gainera, hamaiketakoa banatu dute eta amaieran, saski desberdinak zozkatu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!