Telebistara egokituko dute Asteasuko harri-jasotzaile txapelketa

Asier Imaz 2018ko abenduaren 20a

Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa jokatuko da larunbatean Asteasuko pilotalekuan; sei harri-jasotzaile ariko dira lehian, horien artean, Iban Ugartemendia

Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa Asteasun jokatuko da, larunbatean, 22:00etan. Haize berriekin dator aurtengo edizioa, izan ere, telebistarako egokitu dute txapelketa. Ordutegiaz gain, formatua ere desberdina izango da. Orain arte harri-jasotzaileak banaka aritu izan dira, baina hilaren 22an binaka lehiatuko dira. Guztira sei izango direnez, hiru txandatan banatuko dituzte parte hartzaileak.

Sei horietatik eskualdeko ordezkari bakarra Iban Ugartemendia izango da. Hernialdekoarekin batera Jon Unanue Goenatxo III.a, Imanol Illarramendi Kortaberri, Jokin Eizmendi, Aimar Irigoien, Aimar Galarraga eta Julen Diaz ariko dira.

Telebistara egokitu izanak arrazoi nagusi bat dauka: Euskal Herriko Harri-Jasotzaile Txapelketa Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du.

Harri-jasotzaile bakoitzak, hiru minutuko lana izango du harri bakoitzarekin. Harriak ondorengoak izango dira: 200 kiloko errektangularra, 175eko zilindroa, 150eko kubikoa eta 100 kiloko bola. Kilo gehien jasotzen dituenak jantziko du txapela.

Hasiera batean Aimar Irigoien Asteasura joatekoa zen. Errezildarrak hamaika txapela irabaziak ditu harri handien txapelketa horretan. Aurten ezingo du Usarrabi pilotalekuan lehian aritu, lesioa medio. Bere lekuan, Jokin Eizmendi izango da faborito nagusia.

Iban Ugartemendiak aurkezpenean esandakoaren arabera, harri-jasotzaileak gogotsu daude proba nola joaten den ikusteko. «Ikusi beharko da gauean eta binaka nola moldatzen gara. Gauza berria da eta uste dugu ondo aterako dela, gauza polita izango da eta ea jendea animatzen den».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!