Pello Errotari buruzko saioa, hilaren 14an, Asteasun

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 4a, 15:28

Pello Errotaren mendeurren ekitaldietan azkena izango da abenduaren 14koa. Koldo Izagirrek bertsolariari buruzko Pello Errota, zintzokeria aberkoiaren biktima saioa eskainiko du, Amaia Agirre eta Haritz Mujika bertsolarien laguntzarekin. Saioa udaletxean izango da, 22:00etatik aurrera.

Sagardotegiak bertsolarien unibertsitateak zirela esan izan da eta bertan ziria, iraina, burla, iseka, ofentsa eta zatarkeria zirela ohiko. Joko horietan Pello Errota bikain aritzen zen. Abenduaren 14ko saio berezian hori izango dute aztergai. «Bertsogintza hura lokaztegietako kontua zela predikatu zuten bertsolaritza moralistak eta zintzokeria aberkoiak, kiratsa omen zerien bertso haiei», esan dute antolatzaileek, saioren inguruan.

«Horrela baztertu zen Pello Errota eta haren hitzetik hortzerako txinparta, Pello Errota herri xehearen sormena baitzen, gauza desegokia, pentsamendua ondu gabeko bat-batekotasun arriskutsua. bertsoa neurrira errenditzeko gauza ez zela ere zabaldu zuten. Denak balio izan zuen satira isilarazi eta sermoiari ekiteko», gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!