«Bertakoek eduki behar lukete gure kulturaz gauzak ikasteko grina»

Jon Miranda Labaien 2018ko urr. 24a, 08:49

Asteasun, igandean, Kultura Anitzen Jaialdia egingo dute Usarrabi frontoian, 12:00etatik aurrera. Han jatorri ezberdinetako herritarrek beren kulturaren zati bat erakutsiko dute. Bertan izango dira Deisy Urbina eta Gleysis Ochoa, jatorri nikaraguarreko asteasuarrak.

Hiru urte daramatza Tolosaldean Deisy del Socorro Urbina Acuñak (Palacagüina, Nikaragua, 1979) eta bi urte Asteasun, bere koinata, Gleysis Aurora Ochoa Zabalak (Palacagüina, Nikaragua, 1982). Gustura bizi dira hemen eta ekarpena egiteko irrikatan daude, iganderako prestatutako jaialdian.

Zergatik erabaki zenuten zuen jatorriko herrialdetik alde egitea?
Deisy Urbina: Nikaraguan egoera ez da batere ona. Bizitza gogorragoa da han eta ia lanik ez da aurkitzen. Gure seme-alabentzat etorkizun hobea nahi dugu eta haiek aurrera ateratzeko egiten dugu lan hemen.
Gleysis Ochoa: Ederragoa litzateke gure herrialdean bizitzea, baina hango egoerak bidaiatzera bultzatzen gaitu.

Zein ibilbide egin duzue behin Euskal Herrira iritsita?
D. U.: Ni 2015eko irailean iritsi nintzen Tolosara, han nire izeba bat bizi baita. 2016ko urtarrilean lana lortu nuen Asteasun eta ordutik hemen bizi naiz.
G. O.: Ni Deisyren bitartez iritsi nintzen, zuzenean Asteasura. 2016ko abenduaren 24tik nago hemen.

Zer nolako harrera egin dizuete herrian?
D. U.: Ona. Nik adineko pertsonak zaintzen egiten dut lan eta jendeak baloratzen du guk egiten duguna. Asko eskertzen ditut hitz on horiek.
G. O.: Hemen jende ona badago. Otsailetik, esate baterako, autobus zerbitzua gutxituta dago, greba dela eta. Villabonara joateko auto-stop egin behar izaten dugu eta sekula ez dugu eragozpenik izaten. Oso jende atsegina da hemengoa.

Harrigarriak egin al zitzaizkizuen hemengo ohiturak?
D. U.: Janariak ezberdinak dira. Han, esate baterako, ez dugu ogirik jaten, artoz egindako hemengo taloaren antzekoa baizik. Hala ere, hemengo gastronomiaren gauza asko atsegin ditut eta Nikaraguara itzultzen naizenean han ere egingo ditut. Adibidez, patata tortilla ez genuen ezagutzen eta oso jaki goxoa da.
G. O.: Egoteko modua ere ezberdina da eta bakardadea sentitzen da hasieran. Neguan hotza egiten du eta jendea etxe barruan egoten da. Nikaraguan berriz, jendea gehiago egoten da kalean.

Hona iritsi aurretik euskara bazenik ba al zenekiten?
D. U.: Ez. Eta sorpresa handia hartu genuen. Gure etxeko nagusiak erabat euskaraz aritzen dira, eta beraz, hitz batzuk ikasi ditut. 'Egunon', 'ondo lo egin', 'bihar arte', 'gau ona pasa'... horrelakoak ikasi ditut.
G. O.: Nik gutxiago dakit. Asteko egunak badakizkit, baina Deisyk ikasi ditu baita hilabeteenak ere. Nik, hamarreraino bakarrik kontatzen dakit euskaraz, eta berak oraindik gehiago.

Jatorri ezberdinetako herritarrek zein ekarpen egin dezakezuela uste duzue?
D. U.: Dakigun hori erakusteko prest gaude.
G. O.: Horretarako, ordea, ikasteko gogoa eduki beharra dago. Guk ikasteko interesa dugun bezala, bertakoek ere eduki beharko lukete gure kulturaz gauzak ikasteko grina.

Zein da hemengo egonaldiaz gogorren egiten zaizuena?
D. U.: Nik bi alaba dauzkat eta oso gogorra da haiengandik urruti egotea. Hiru urte daramatzat hemen eta denbora honetan ez naiz itzuli nire herrialdera, teknologia berrien bitartez mantentzen dugu harremana.
G. O.: Helburu batekin etortzen zara eta horregatik beragatik eusten diozu. Nik ere alaba bat dut eta hemen irabazitako gehiena Nikaraguara bidaltzen dut, bere ikasketak ordaintzeko, ahalik eta ondoen bizi dadin.
D. U.: Zaila da hemen paperak lortzea. Hiru urte zain egon behar duzu eta askotan ez da erraza hemen erroldatzea. Gainera, bitarte horretan, kalean beldurrez ibili behar izaten dugu, hemendik kanporatuko ote gaituzten.

Nola hartuko duzue parte igandeko jaialdian?
G. O.: Arroza valentziar erara egingo dugu. Hemengoaren aldean ezberdina da eta osagai asko daramatza.
D. U.: Aurretik ere proposatu izan didate parte hartzea. Nikaraguako beste lagunak animatu egin gaitu eta lagunduko digula esan digu. Beraz, prest gaude.
G. O.: Guk ez dugu Nikaraguako jantzi tradizionalik, baina lortzen baditugu jantziko ditugu. Bestela hango bandera oinarri hartuta jantziko gara, zuriz eta urdinez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!