Pello Errotako sariketako finala, bihar

Jon Miranda Labaien 2018ko urr. 19a, 10:00

Asteasuko Iturri-ondon egingo da bertso afaria, bihar 21:00etan, eta afalostean bertsotan ariko dira Zizurkilgo eta Anoetako kanporaketetatik finalera sailkatutako lau bertsolariak: Beñat Lizaso, Asier Azpiroz, Eneko Lazkoz eta Unai Gaztelumendi.

Asteasuko Udalak eta Harituz bertsozaleen elkarguneak antolatu dute sariketa, 25 urtetik gorako bertsolarientzat. Hamabi bertsolarik parte hartu dute, bi kanporaketetan banatuta, Zizurkilen eta Anoetan. Lau onenek egin dute aurrera eta bihar Asteasun ospatuko den finalean ariko dira txapela nork jantziko.

Bertsolarien adin tarteari begiratzeaz gain, lurraldetasuna eta generoari ere erreparatu diote sariketako parte hartzaileak erabakitzerako orduan. Eskualdekorik ez da iritsi, ordea, finalera, ezta emakumerik ere, nahiz eta lauk hartu duten parte kanporaketetan. Hori bai, epaile taldea bi gizonezkok eta emakume batek osatuko dute biharko finalean: Mikel Beloki berastegiarrak, Zigor Leunda billabonatarrak eta Elisa Iztueta zarauztarrak. Buruz burukora zein bi bertsolari pasako diren erabakiko dute eta bukaeran, txapeldunaren eta bigarren sailkatuaren izenak emango dituzte. Bertso onenaren Mikaela Elizegi saria ere emango dute. Pello Errota eta Mikaela Elizegiren ondorengoak presente izango dira biharko saioan.

Iker Iriarte izango da finaleko gai-jartzailea eta ondorengo lanak egin beharko dituzte bertsolariek: puntuagarria ez den hasierako agurraren ondoren, hiruna bertso bota beharko dituzte 8ko handian eta beste hiru 8ko txikian, hiru punturi erantzun eta sei puntuko motzean beste hiru bertso bota beharko dituzte. Bakarkakoan, gai banaren bueltan jardun beharko dute bi bertsotan. Segidan, ondoen aritu diren bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute: hamarreko txikian aritu beharko dute aurrena, puntuka ondoren eta hitz bati, neurri librean, bertso bat bota beharko diote amaitzeko.

Afaltzen 110 lagun izango dira Iturri-ondo jatetxean eta afalostean, 23:00etatik aurrera finala jarraitu nahi duenak bertaratzeko aukera izango du. Bihar amaituko da Pello Errota Bertsolari Sariketaren lehen edizioa. Antolatzaileek adierazi dutenez, aurrera begira, berriz antolatzeko aukera zabalik utzi nahi dute, «bertsoa sustatzeko beharra ikusten bada».

FINALISTENTZAT GALDERAK

1. Nola ikusten duzu adin jakin batetik aurrerako bertsolarientzat sariketa bat antolatzearena?

2. Pello Errotaren inguruan zein erreferentzi dituzu zuk?

3. Zer erakutsi nahiko zenuke larunbateko Pello Errota sariketaren finalean?

BEÑAT LIZASO (Azpeitia, 1982)

1. Oso ondo iruditzen zait sariketa hau antolatzea. Gazteek bakarrik ez dituzte plazak eta aukera faltak izaten.

2. Txirritaren bertso bikotea zela.

3. Bertso afari formatuan izateak ilusio berezia egiten dit. Bertsotan badakidala erakutsi nahi nuke.

ASIER AZPIROZ (Zubieta, 1991)

1. Ondo iruditzen zait. Sariketa gehienek gazte-gazteenak behar luketela uste arren, zirkuitu horretatik kanpo gabiltzanok estimatzen ditugu horrelakoak.

2. Aitona asteasuarra dut nik eta Pelloren bertsoak etxean aditu izan ditut, baita liburuetan eta abar. Bere garaiko bertsolari onenetarikoa izan zela bistakoa da.

3. Bertsotan ondo eta fresko egin nahi nuke. Giro ederra izango da ziur, eta ea ariketa guztietan lan oso xamarrak osatzen ditudan.

ENEKO LAZKOZ (Etxarri Aranatz, 1983)

1. Plazan aritzeko aukera askorik ez dugunok edozein dei gustura hartzen dugu. Gainera sariketaren saltsa hori gehitzeak beste grazia bat ematen dio. Nik opari bat bezala hartu dut parte hartzeko gonbidapena.

2. Ez ditut bertsolari zaharrak eta gehiegi ezagutzen. Txirritari bi alkandorena bota ziola eta gutxi gehiago dakit.

3. Bertsotan ahalik eta gehien gozatu nahi nuke. Hori lortuz gero nire maila onenetik gertu ibiltzea errazago izango da.

UNAI GAZTELUMENDI (Añorga, 1988)

1. Gazte sariketen zirkuitua pasa ostean zaila izaten da plazetarako saltoa ematea. Gure adin bueltako bertsolari askok ez dugu aukera gehiegi izaten.

2. Gure inguruan Txirritaren pasadizoak gehiago entzun izan ditugu, eta horietan askotan azaltzen zen Pello Errota bere kantu-kide eta lagun bezala. Bere erreferentzia badugu, baina bere bertso gutxi iritsi zaizkigu.

3. Azken urteetan plazan egin izan dudan hori egin nahi nuke. Saio bizi bat ahal dela, eta ideia freskoren batzuk utziz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!