«Gitarra gabeko payadorea fusil gabeko ehiztaria da»

Iñigo Fernandez de Martikorena / Hiruka 2018ko urr. 17a, 07:59
Tomasita Quiala eta Araceli Argüello. J. MIRANDA

Tomasita Quiala repentista kubatarra eta Araceli Argüello payadore argentinarra Euskal Herritik inprobisazio-biran dabiltza. Asteasun hartu dute ostatu. Emakumeen presentzian ezberdintasun nabaria dago.

Nazioarteko Inprobisatzaileen Biraren ezinbesteko partaideak dira Tomasita Quiala eta Araceli Argüello, Euskal Herriko bost bertsolari eta aurkezle biekin batera. Pozik daude inprobisatzaile biak Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuak elkarlanean sortutako ekimenagaz. Bertsolaritza ezagutzeaz gainera, payada eta repentismoa ezagutzera eman nahi dituzte.

Zertan datza payada?

Araceli Argüello: Argentinako payadan hitzez adierazten dugu, bertsotan, edozein gai esanguratsu, beste payadore batekin; gai hori izan daiteke inprobisatzaile bakoitzak ekarria edo aukeratua, ala, modu berean, publikoak proposatua.

Ahotsarekin batera, zer instrumentu erabiltzen duzue horretarako?

A.A.: Guk gitarra klasikoa darabilgu, Espainiatik heldu zaiguna, jakina; horretaz gainera, badaukagu gure musika, landako milongan edo payadoreen milongan oinarritzen dena. Horrek bere sustraiak ditu musika espainiarrean eta afron. Hortik sortu zen payadoreen milonga, gerora tango-milonga agertzeko bidea eman zuena.

Eta zer da puntu kubatarra?

Tomasita Quiala: Musika bat da, decimatan (hamarrekotan) egiten dena. Interpretatzen da gitarra, laud eta tres instrumentu kubatarraz lagunduta; batzuetan perkusio-instrumenturen bat ere erabil daiteke, baina garrantzitsuenak tres, gitarra eta laud dira. Horiek erritmoa markatzen dute eta horren gainean repentistek inprobisatzen dute, ideiak etorri ahala.

Puntu kubatarraz aparte zer doinu erabiltzen dituzue?

T.Q.: Niri asko gustatzen zait boleroak eta abestiak abestea. Gai naiz rancherak ere inprobisatzen, baina doinu nagusia puntu kubatarra da.

Zertan dira antzekoak eta zertan desberdinak zuen kantaerak eta bertsolaritza?

A.A.: Agian, lehenengo ezberdintasuna musika-euskarriarena da. Zuek baduzue doinutegi zabala aukeran inprobisatzeko baina instrumentu gabe. Gure kasuan, gitarra da gure ezkutua, ezpata eta eskrima; inprobisatzeko gogor heltzen diogun tresna da. Gitarrarik gabeko payadorea gurean fusilik gabe ehizatzera doan ehiztaria da; payadorea geratu da lotuta Pampako payadorearen ikonoarekin: gitarra besaburuan alderrai dabilena. Horregatik, normalean payadoreak hasten dira inprobisatzen behin gitarra jotzen ikasi dutenean, gitarraren bidez inprobisatzen animatzen direlako.

T.Q.: Antza dute biek, bertsolariak ere inprobisatzeko gai direlako, gai edo egoera baten konpasean; ezberdintasunak dira hizkuntza eta agian, bertsoen metrikan, decima ez delako hain erabilia hemen.

Araceli, zure lehenengo egonaldia da Euskal Herrian. Zer iruditu zaizu?

A.A.: Lehenengo aldia da Atlantikoa gurutzatu dudala: bidaia luzea izan da, Argentinako Cordobatik Txilera, Txiletik Madrilera eta handik hona. Oso gutxi ezagutzeko aukera izan dut oraingoz baina denbora izango dut herria ezagutzeko. Momentuz, leku zoragarri, liluragarri eta abegikorra iruditu zait.

Tomasita, zure kasuan lehenago izan zara hemen, 1998an.

T.Q.: Hirugarren aldia da oraingoa. 1988an egon nintzen lehenengo aldiz, itsuen delegazio batekin. Oso ondo dago herria.

Zein da repentismoaren egoera gaur egun Argentinan?

A.A.: Repentismoa indarrean dago; orain dela urte batzuk lotan geratu zen, hainbat payadore oso on zendu zirelako; kostatu izan da ereindako gari berriek fruitua ematea, baina gaur egun garrantzia handia ematen zaio. Payadore-tailerrak badira, orain dela urte batzuk ez zeudenak. Esan didate hemen bertsolari-eskolak badirela; Argentinan tailerrak ditugu, publikoak. Bertan irakasten da bertsotan jartzea eta gitarra jotzea, doinuaren akonpainamendurako; payadoreen historia ere partekatzen da: zeintzuk diren jatorriak, eta abar. Izan ere, payadorearen inprobisazioa, musikaltasuna eta historia badaude apur bat ezagupen publikotik kanpo, Argentinan. Betidanik belaunaldiz belaunaldi transmititu den kontua da, bertsolaritzan mendeetan ere gertatu denez. Transmisio horrek ez du ziurtatzen payadorerik sortuko denik: irakasten da, baina horrek ez du bermatzen payadorerik ateratzea. Bestalde, gazteek eragin handia daukate baina hor kopuruan nabarmen irabazten gaituzte gizonezko inprobisatzaileek. Emakume gutxi gara, eta gazteen artean bakarra naiz; beste emakume inprobisatzaile denak 50 urtetik gorako andreak dira. Nire adineko payadore denak gizonak dira.

T.Q.: Kuban, repentismoa loratzen dabil; inoiz ez dio utzi gora egiteari, baina gizateriaren ondare immateriala garela dioen Unescoren [2017ko abenduaren 7ko] adierazpenaren ondoren, goreneko maila jo du. Albistea jakitean, poztasun handiz ospatu genuen; izan ere, herriko tradiziorik garrantzitsuena izateaz aparte, orain munduan ere garrantzitsuak gara.

Zure ustean, Kuban badago erreleborik gazteen aldetik?

T.Q.: Bai, ordezko asko ditugu: neskato eta mutiko berri asko dago, inprobisazioan hasten dabiltzanak, kultur jasoagoarekin eta hiztegi zabalagoarekin. Publikoa ere jantzia denez, bereganatzen du hori. Gainera, gazteek gazteria erakartzen dute. Hori dela eta gure belaunaldia konturatu da guk ere eboluzionatu beharra dugula, ezin dugula inboluzionatzeko luxuan erori. Gazteek emandako urratsak segitu behar ditugu eta haien martxaren arabera ibili.

Zelan hasi zineten repentismoan?

A.A.: Ikasten hasi nintzen nire familiaren eraginez. Nire aita, nire anaia, nire aitona zaldizkoak dira, kreoleen tradizioan dituzte sustraiak eta zaldiekin trebetasuna erakusten dute: sustrai luzeko kirola da zaldi-trebetasunarena. Azken urteotan payadoreek lortu dute festibal horietan euren lanpostua, euren plaza izatea: bertsoz harenga egiten diete zaldizkoei zaldi gainean jarri aurretik edo ostean. Harenga edo, guk diogun moduan, 'lore' horiek inprobisatuak izan daitezke edo, bestela, aurretik egindako bertsoren bat eskaini daiteke. Oso txikitan, nik laupabost urte nituela, aitonak, aitak edo anaiak zamalkatzen zutenean, nik 'loreztatzen' nituen. Horrek eraman ninduen lehenengo aldiz oholtzara, publikoaren aurrera. Gerora, hamabi edo hamahiru urterekin hasi nintzen gitarra jotzen. Decima zer zen ikasten hasi nintzen, nire formakuntza autodidakta zelako, inork ez zidan aurretik azaldu zer zen decima bat edo oktosilabiko bat, horrelako kontu denak bakarrik banakatu nituen, nire gitarrarekin. Hasi nintzen nire bertsoak idazten, gero abesten eta azkenean animatu nintzen inprobisatzen, nahiz eta apur bat kostatu zitzaidan, lotsagatik eta ondo egin arteko beldurragatik. Familiartean hasi nintzen, ezagunekin inprobisatzen nuen. Gerora, nire buruarekiko ziurtasuna izan nuenean jendaurrean egin ahal izan nuen.

T.Q.: Ni 22 urte nituenean hasi nintzen, kasualitate edo istripu batengatik. Kaletik nenbilela, repentista batek iraindu zuen beste bat eta nik, aurretik inoiz abestu gabe, bertso bat bota nuen iraindutakoaren defentsan. Hor hasi nintzen bertsoka; odolean neramala konturatu nintzen, nire baitan lotan zegoen poeta esnatu nuen. Egunean ipini nintzen beste inprobisatzaileekin eta hemen nago.

Besterik esan nahi duzue?

A.A.: Oso pozik nago hemen egon ahal izateaz; kultur trukeak asko aberastuko gaitu bertsolariak eta ni. Komunikazioaren garai hauetan, garrantzitsua iruditzen zait horrelako kultur trukeko ekimenetara joan eta parte hartzea. Pozik eta zoriontsu nago. Ziur ondo pasatuko dugula hemen bildu garen lagun guztiok!

T.Q.: Bertsolarien mugimenduari esan nahi diot, indartsu datozela eta horrela segi dezatela. Neba-arrebak garela, hizkuntzak eta metrikak ezberdinak izan arren. Norbaitek aukeratu gintuen misio baterako: arima poztea. Bertso inprobisatuak egiteko gai garen repentistak, bertsolariak eta poetak arimaren medikuak garelakoan nago.

ARACELI ARGÜELLO (ARGENTINA, 1995)

Araceli Argüello (Pozo del Molle, Argentina) payadorea da orain dela hamar urte inguru. Etxetik jaso zuen zaletasuna eta betidanik izan du interesa bere eskualdeko inprobisazio eta milongetan. Gaur egun, payadoreen belaunaldi berriko ordezkaria da, baina bera da emakume gazte bakarra. Hizkuntza eta Literatura ikasten dabil unibertsitatean. 

TOMASITA QUIALA (KUBA, 1961)

Juana Tomasa Quiala Rojas (Banes, HolguIn) Kubako repentistarik garrantzitsuenetako bat da. Oso gaztea zela Habanako itsuen eskola berezi batean hasi zen ikasle. Inprobisazio-munduan pentsatu gabe sartu zen, kasualitatez eta artez. Handik urte gutxira, maila profesionalerako jauzia eman zuen. Hainbat sari irabazi du eta behin baino gehiagotan jardun du nazioarteko topaketatan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!