Pello Errota bertso sariketaren lehen edizioa egingo dute

Jon Miranda Labaien 2018ko ira. 12a, 08:17

25 urtetik gorako hamabi bertsolarik hartuko dute parte, Asteasuko bertsolariaren omenez antolatutako ekitaldien barruan

Asteasuko Udalak eta Harituz bertsozaleen elkarguneak antolatu dute sariketa, Euskal Herri mailan antolatzen diren gainerakoekin alderatuta «desberdinagoa» dena. Haritz Mujika, Asteasuko Udaleko Kultura zinegotziak azaldu duenez, «bertsolari gazteek, 25 urtera arte, sariketa mordo bat edukitzen dute eta behin adin hori beteta, zirkuitu horretatik kanpora geratzen dira». 25 - 30 urtetik gorako hamabi bertsolarik hartuko dute parte Pello Errota sariketaren lehen edizioan, bi kanporaketetan banatuta. Lau onenek, Asteasuko Iturri-Ondo jatetxeko finalean kantatuko dute, urriaren 20an.

Antolakuntzak osatutako zerrendatik tiraka osatu dute hamabiko taldea eta nahiz eta ezezkoren bat jaso duten, «maila ona» emango duten bertsolariak direla uste du Mujikak. «Azken urteetan sariketetatik aparteago ibili diren bertsolariak dira, batzuk ezagunagoak besteak baino, baina seguru denak gogotsu etorriko direla». Horietako bi baino ez dira eskualdekoak izango: Zizurkilen irailaren 28an kantatuko duen Beñat Iguaran amasarra, eta herrian bertan, urriaren 5ean ariko den Txomin Azpiroz. «Ez genuen txapelketa eskualdekoekin bete nahi, Tolosaldeko zaleek izaten dutelako, bestela ere, bertako bertsolariak entzuteko aukera. Beste estilo batzuk ekarri nahi genituen», dio Mujikak.

GENERO IKUSPEGIAREKIN

Bertsolariak aukeratzerako orduan, lurraldetasunari begiratu diote antolakuntzatik eta baita generoari ere. Mujikak azpimarratu duenez, «ezin zaio bizkarra eman kontu horri, aukera dago eta saio orekatuak osatu daitezke». Kanporaketa bakoitzeko bina bertsolari emakume ariko dira.

Hiru saioetarako epaile talde bat osatuko da eta bi gizonezkok eta emakume batek osatuko dute. Hiru epaile horietako bi eskualdekoak izango dira eta bestea, berriz, eskualdetik kanpokoa. Mujikak gai jartzaileek egiten duten lana nabarmendu nahi izan du, «lan handia eta lan ona egiten dute gaiak jartzen eta bertsolariak, alde horretatik, lasai etor daitezke». Imanol Artola felix ariko da bi kanporaketetan eta Iker Iriarte finalean.

Kanporaketa saio bakoitzeko bi bertsolari onenek lortuko dute urriaren 20ko finalean kantatzea. Bertso afari formatuan ospatuko da Iturri-Ondo jatetxean eta bi onenek buruz burukora egingo dute salto. Irabazleak txapela jantziko du eta bigarrenak garaikurra eramango du. Bertso onenaren Mikaela Elizegi saria ere emango dute: «Keinu bat egin nahi izan diogu, Mikaela ez balitz, Pello Errotarren berri askorik ez litzatekeelako izango».

Pello Errotaren heriotzaren mendeurrena ospatzeko ekitaldiak udaberrian hasi zituzten Asteasun eta sariketa honekin osatuko dituzte urtea bukatu bitartekoak. «2019ko urtarriletik aurrera, ia hilero, ekitaldi ezberdinak izango dira mendeurrena gogoratzeko», esan du Kultura zinegotziak. Bien bitartean, lehenengo aldiz, Pello Errota izenarekin sariketa izango da: «Atea irekita utzi nahi dugu, aurrera begira, bertsoa sustatzeko beharra ikusten bada, belaunaldi berriek tirata, berriz antola dadin. Aurretik ere, horrela egin da Harituz herriarteko txapelketarekin edo Pernando Amezketarra sariketarekin».

EGUTEGIA

Irailak 28, ostirala

22:00. Zizurkilgo Atxulondo kultur etxeko areto nagusian: Beñat Lizaso, Arrate Illaro, Xumai Murua, Itsaso Paia, Beñat Iguaran eta Asier Azpiroz. Gai-jartzailea: Imanol Artola Felix.

Urriak 5, ostirala

22:00. Anoetako Mikelasagasti auditorioan: Eneko Lazkoz, Eneritz Artetxe, Unai Gaztelumendi, Aimar Karrika, Oihana Bartra eta Txomin Azpiroz. Gai-jartzailea: Imanol Artola Felix.

Urriak 20, larunbata

21:00. Asteasuko Iturri-ondo jatetxean, bertso.afari formatuan, Zizurkilgo kanporaketako lehen bi sailkatuak eta Anoetako finalaurrekoko lehen bi sailkatuak. Gai-jartzailea: Iker Iriarte. Urriaren 18ra arte bertso afarirako txartelak 20 euroan egongo dira salgai, Iturri-ondo jatetxean bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!