«Ziur nago, ETB-ko saio askok baino audientzia hobeak lortzen ditudala»

Iñigo Otaegi 2018ko ira. 11a, 08:03

Ze nezesidade kontzeptuari ez dio zentzu handirik harrapatzen Odei Gilek (Asteasu, 1992). Eromenezko egunerokoa du asteasuarrak: Youtubeko kanalera bideo mordoa igotzen du, eta ironman edo maratoien tankerako desafioak egiteko tartea ere ateratzen du. Horri gehitu behar zaio, publizitatearen eta komunikazioaren alorreko jardun profesionala.

Zertan zabiltza azkenaldian?

Publizitatea eta harreman publikoa gradua ikasi nuen, Leioako fakultatean. Egiazki, ez naiz damutzen aukera horri heldu izanaz, bide ugari ireki baitzaizkit, denak aberasgarriak. Orain, Zarauzko Metta enpresan nabil, komunikazio eta marketin lanak egiten.

Graduan zehar nabarmendu zinen.

Hirugarren mailan, hamabost lagunek, lehen ikasle enpresa sortu genuen, komunikazioa eta marketina uztartuz, gure ideia propioak garatzen haste aldera. Lehen ikasle enpresa izan zen, eta egitasmo horretatik atera zen, munduko lehen ardo urdina, pentsa.

Gerora, zure bidea egin duzu.

Enpresa hori zerbait puntuala izan zen, eta gradua amaitzerako, nire kabuz, lantxoak egiten hasi nintzen; web orrialdeak, logoak edota markak diseinatzen nituen. Web atarien itxura eta edukia nolakoak izango diren zehazteko erabakimena dut; alegia, web orrialdeen arkitektoa naiz. Besteak beste, Orbea, Tabakalera edo EITB gisako enpresentzat egin ditugu diseinuak.

Hain inportanteak al dira komunikazio estrategiak?

Zalantzarik gabe. Hain merkatu zorrotz eta lehiakorrean, komunikazioa da diferentziak markatzeko heldulekua. Finean, eskaintzen duzun produktu edo zerbitzuak, zein berezitasun dituen identifikatzea ezinbestekoa da; eta noski, horiek ondo saltzen jakitea.

Mutil saiatua dirudizu.

Autodidakta naiz. Behin, lan kontratu bat eskaini zidaten, web orrialde bat diseinatu nezan. Bada, kontratua onartu nuen, web atari bat nola diseinatzen zen jakin gabe. Ekintza horrek nire izaeraren berri ematen du, ez naiz nire jakintzara mugatzen diren helburuetan soilik zentratzen.

Lan munduan bakarrik ez, txirrindularitzan ere lorpen handiak erdietsi dituzu.

Sei urterekin hasi, eta 20 urte nituen arte lehiatu nintzen bizikleta gainean. Profesionaletara iristeko koska baten faltan gelditu nintzen, afizionatuen mailako talderik onenean egin nituen azken etapak. Profesionaletara igaro nahi nuen, baina, lehiatzen jarraitzeak suposatuko zukeen, gainerako alorrei bizkar ematea.

Lorpenei dagokienez, beste batzuen artean, Euskadiko eta Gipuzkoako txapeldun izan nintzen. Aldiz, Espainiako txapelketan, podiumeko bigarren koska zapaldu nuen. Ez zen aski izan profesionalen mailara iristeko.

Egun, beste modu batean bizi duzu txirrindularitza.

Gutxiago sufritzen dut, eta gehiago gozatu. Esango nuke etekin gehiago ateratzen diodala txirrindularitzari. Tarteka, pedalak astintzen ditut, han-hemen, presiorik gabe, lasai. Gasteizko Ironmana egin nuenetik, ez dut bizikleta ukitu ere egin.

Zer falta zaizu egiteko?

[Barreak]. Ez dakit, etorriko dira gehiago. Nire lehen ironmana izan zen bereziena, Lanzarotekoa. 6 aste izan nituen prestatzeko, erabat presaka, eta maila ona eman nuen.



'El Conquistador del fin del Mundo' saioan ere arrastoa utzi duzu.

Programa aspalditxotik jarraitzen nuen, eta iaz, garai aproposa zelakoan, aurkezpen bideoa bidali nuen. Gaztea irratiak kudeatzen zuen bideoen lehiaketa, eta bigarren gelditu nintzen. Hortaz, Madril-Lisboa lasterketa ezaguna egitera joan nintzen; saioa hasteko aste gutxiren faltan, hautatua izan nintzela jakinarazteko deitu ninduten.

Oso iharra nengoen, ez behintzat saiora joateko beste maila fisikoarekin. Hilabete batean, zortzi kilo hartu nituen, gimnasioan orduak eta orduak sartuz, eta animali baten moduan janez. Sekula ez naiz egon hain indartsu. Triste itzuli nintzen etxera, finalaren aurreko saioan kaleratu bainintzen. Hala ere, gustura egoteko gisako aztarna utzi nuen.

Saioa barrutik ezagutu eta gero, pertzepzioa aldatu zaizu?

Erabat. Hurbileko ezagunek azpimarratzen zidaten, saioan ez nuela nire izaeraren berri eman, eta bat nator. Lehiaren alorrean jarri nuen fokua, eta hanka sartu nuen. Reality-a da ehuneko ehunean, elkarbizitzako pasadizoek hartzen dute saioaren zama. Ulergarria da, telebistako saioa da eta ikuskizuna eman behar da, lehiakideak norbere irudia saltzen du. Horretan ez nintzen fin ibili.

Eskerrak saltzen ona zaren.

[Barreak]. Ez dut gezurrik esango, esperientzia bezala asko gustatu zitzaidan. Alabaina, nik bizi izan dudan programa, eta telebistan eman denak, ez dute zerikusirik.

Saioagatik baino, Youtubeko jardunagatik zara ezagunago.

Baietz esango nuke. Gogoan dut, goizalde batean, lo hartu ezinda nenbilela, eta bideoak ikusteari ekin nion. Orduan, brand content kontzeptua ezagutu nuen. Hau da, enpresek publizitatea jartzeko euskarri gisa, youtube hartzen dute. Marketin munduan arituta, bide polita izan zitekeelakoan, erronkak grabatzen hasi nintzen.

Lehenengo bideoa igo ostean, iruzkinetan desafio gehiago proposatzen zizkidaten, eta nik egin egiten nituen. Behobia monozikloan egitera iritsi naiz, pentsa [barreak].

Datu arrakastatsuak erdietsi dituzu.

Gero eta harpidedun gehiago ditut, orain, 19.000 inguru. Sare sozialak ere lagungarri dira Youtubeko kanala elikatzeko; besteak beste, Instagramen, 11.500 pertsonek jarraitzen naute. Gutxi gorabehera, nire kanalak, 100.000 - 200.000 ikustaldi izaten ditu hilabetero. Gainera, dirurik irabazten ez bada ere, material asko lortu dut bideoi esker, publizitatearen truke.

Deigarria da oso, asteasuar batek, Youtuben, gaztelaniaz egitea.

Hala da. Hautu estetikoa da, ahalik eta jarraitzaile gehien izateko. Euskal herritarra naiz, eta euskaraz bizi naiz, baina, gazteleraz eginda, mundu osoko iskinetara iritsi naiteke; euskarazko publikoa oso urria da. Noizean behin, egin izan dut euskarazko bideo bat, baina, ikustaldiak laurdenera ere ez dira iristen.

Zein da zure hartzaile-potentziala?

Youtube jende oso gazteak kontsumituko zuelakoan nengoen. Nire kanalaren kasuan, batez besteko adinetik gorako hartzaileak nagusitzen dira, 25-34 urte bitartekoak, eta kirolzaleak. Erronketara joaten naizenean, harrigarria da zenbat jendek gelditzen nauen, nire bideoengatik zoriontzeko.

Detaile estimagarriak dira.

Noski baietz. Behin, Donostiako portuan nengoen En Tol Sarmiento musika taldeko lagunekin, hauek kontzertua eman ostean. Bada, taldeko abeslaria eta ni geratu gintuzten, eta ETS taldearen zale batek, abeslariari argazkia ateratzeko eskatu zion, baina, nirekin [barreak].

Nola kudeatzen dituzu Youtubeko irudia, telebistakoa, eta irudi profesionala?

Antza, jendearentzat ulergaitza da pertsona bakar baten irudia, esparru desberdinetan imajinatzea. Kosta egiten da sinesten, Youtubeko aurpegi ezagun bat, nola izan daitekeen profesionala, publizitatean eta harreman publikoetan. Beti jarri izan didate etiketa bat, ia kasu guztietan, influencer-arena. Dena den, ez pentsa El Conquistador del Fin del Mundo saioan nire irudia zaindu nuenik, Youtubekoarekin ezkutatu ez zedin.

Kontsumo lineala hiltzat jotzen duzu?

Oraino ez, baina, ez zaio asko falta. Conquis saioak, 200.000 300.000 bisita inguru izango ditu; bada, nik baditut bideo bat edo beste, 100.000 bisitatik gora dituena. Nire baliabideekin gauza naiz, 200 lankidez osatutako lantalde baten erdia lortzeko. Zer pentsatua sortzen du. Ziur nago, ETBko saio askok baino audientzia hobeak lortzen ditudala nire Youtubeko kanalarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!