Santa Marina ermita ataria, festarako plazarik ederrena

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko uzt. 18a, 16:15

Pasa den asteburuan hasi ziren giroa berotzen Santamañan, baina gaur eman diete hasiera festei. Jende ugari gerturatu da bertara, bazkal aurretik, herri kirol saioaz, trikitilariez eta bertsolariez gozatzeko asmoz.

Ezer gutxi behar izaten dute askok, trikiti eta pandero doinuak entzun eta fandango bat dantzatzen hasteko. Horrelako zerbait ikusi ahal izan da, gaur eguerdian, Santamañako festetan. Giro ederrean eman diete hasiera aurtengo jaiei, dantzarako gogo handia erakutsi baitute bertan bildutako helduek. Lehenago, hamaiketakoa egin dute tabernan, txupinazoa bota eta ermitan ospatu den meza nagusitik irten ondoren. Izer eta Lutxurdio trikitilariak aritu dira bertakoak dantzara animatzeko ahaleginean, Anjel Mari Peñagarikano eta Jexux Mari Irazu bertsolarien saioaren segidan.

Melodia dantzagarriak dantzatzera, ordea, ez dira haur eta gaztetxo asko animatu. Hauek, lehenago, herri kirol saioan xahutu dituzte indarrak. Bi talde izan dira aurrez aurre, kideek, proba desberdinetan aritu behar izan dutelarik: lokotx biltzean, trontzan, txingak eramaten, harria jasotzen eta zaku barruan sartuta lasterka. Azkenik, proba bakoitza bi aldiz egin ondoren, bi taldeak sokari tiraka aritu dira, lehia bizian, bertaratu diren ikusleen gozamenerako.

Jai giroak, trikiti doinuekin jarraitu du ondoren ere, bazkariaren aurretik. Arratsaldean, berriz, kalejira egingo dute, eta gauean, erromeriaz gozatzeko aukera izango da berriro, trikitilarien eskutik. Astebururako ere, egitarau zabala prestatu dute bertako festez gozatu ahal izateko. Hona hemen egitaraua:

Larunbata, uztailak 21:
12:00. Haur jolasak.
14:00. Herri bazkaria, Ostolaza eta Lutxurdio trikitilariek, eta Unai Mendizabal eta Haritz Mujika bertsolariek alaituta. Menua: Sarrerako hotzak, paella, txuleta, postrea, kafea eta kopa. Prezioak: helduek 25 euro eta 12 urte arteko haurrek 15 euro.
18:00. Toka.
Gauean. Ostolaza eta Lutxurdio trikitilariak.


Igandea, uztailak 22:
11:30. Meza nagusia.
Ondoren. Herri kirolak. Iparraldeko jokoak: Jose Martin Bustinza “Tubi” eta Yon Loiola. Harri-jasotzaileak: Aimar Irigoien eta Beñat Telleria.
Ondoren. Trikitilariak: Laja II. eta Narbaiza
18:00. Erakustaldia: herriko harri tira taldea eta astoa. Afalaurretik Tranpazuloren jaitsiera.
Gauean Laja II. eta Narbaiza trikitilariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!