Asteburuan, Santamañako kros igoera eta orientazio proba

Tolosaldeko Ataria 2018ko uzt. 11a, 15:52

Uztailaren 14an eta 15ean jokatuko dira probak; orientazio proba antolatzen duten lehen aldia izango da eta kutsu herrikoia eman nahi izan diote.

Asteasuko jaiak bukatu ondoren Santamañakoak ospatuko dituzte asteasuarrek. Bost eguneko egitaraua antolatu dute, bi asteburutan banatuta. Tartean, uztailaren 18a, Santamarina Eguna. Azken urteetan bezala, Santamañako Kros Igoera jokatuko da. Aurten XVIII. edizioa izango da. Aurrez, ordea, berrikuntza bat prestatu dute: I. Orientazio Proba Herrikoia.

Orientazio proba
Jaien lehen egunean, larunbat honetan jokatuko da lehen aldiz orientazioa ardatzu duten proba ez lehiakorra. Santa Marina ermitan elkartuko dira parte hartzaileak. Proba luzea 17:00etan hasiko da, eta gehienez 3 ordukoa izango da. Proba motzari 18:00etan emango diote irteera. Hauek 2 ordu izango dituzte aurretik. Taldeak 1-5 artekoak izango dira. 12 urtez beherakoek heldu batez lagundurik joan beharko dute.

Derrigorrezko materialari dagokionez, ura, mendiko arropa eta oinetako egokiak eraman beharko dituzte. Izena proba baino ordu erdi lehenago eman beharko da. 12 urtetik gorakoek 5 euro ordaindu beharko dituzte, eta beherakoek 3. Bertan biltzen den dirua Juneren hegoak elkartera bideratuko dute. Proba amaieran, anoa gunea egongo da Santa Marinan parte hartzaile guztientzat.

I. Orientazio Proba Herrikoiaren hurrengo egunean, uztailaren 15ean, Santamaña XVIII. Kros Igoera jokatuko da. 10:30ean emango zaio irteera lasterketari. Asteasuko plazatik aterako dira korrikalariak, Santamañan amaitzeko. 7 kilometroko ibilbidean azken ia bi kilometroak aldapan gora izango dira. Izen ematea 4 eurotan jarri dute. Egunean bertan irteera puntuan jarriko dute postua, 09:30ean. Bi telefono ere jarri dituzte, nahi duenarentzat: 943 69 68 96-943 69 34 00. Lehen hiru sailkatuek sariak izango dituzte: 120, 90 eta 60 euro. Besteentzat zozketak eta hamaiketakoa egongo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!