Asteasuko belarrak finalaren zain daude

Tolosaldeko Ataria 2018ko uzt. 5a, 09:21

Gipuzkoako Sega Txapelketaren finala igandean jokatuko da 12:00etan, Bulano baserriko zelaietan.

Gipuzkoako Sega Txapelketaren finala igandean jokatuko da, Asteasuko Bulano baserriko belardietan. 12:00etan hasiko dira lanean lau segalariak. Horietatik bi Tolosaldekoak: Andoni Goikoetxea gazteluarra eta Jokin Etxeberria, Bedaion bizi den amasarra. Hauekin batera Igor Esnaola legorretarra eta Julen Gabirondo urnietarra ariko dira.

Finalerdietan ordu erdiko lana izan zuten bezala, finalean ordubetekoa izango dute. Belar kilo gehien mozten dituenak jantziko du 2018ko Gipuzkoako txapela. Iaz, Alegian bizi den Urki orendaindarrak eraman zuen etxera saria. Aurten ez zuen lortu finalerdietatik pasatzea Jexuxmari Ormaetxeak.
Uztailaren 8ko finala ikusteko 20 euro ordaindu beharko da.

Finalerdietan ezustekoa
Gipuzkoako txapelketa ohiko eran jokatuko da igandean. Finalerdietan txapelduna kanpoan geratu zen, baina ezusteko nagusia Andoni Goikoetxea izan zen. Gazteluarra sega mundutik aparte egon ondoren, behartuta, aurten itzuli da. 30 minutuko lanean erakustaldia eman zuen Goikoetxeak, sasoiko dagoela erakutsiz. Orain, ordubeteko lanean nola moldatzen den ikusi beharko da.


Finalerdietan kilo gehien moztu zuena Jokin Etxeberria izan zen, alde handiarekin gainera. Amasarrak 1.889 kiloko marka jarri zuen, aurten txapela irabazteko aukerak dituela erakutsiz. Goikoetxea bigarren izan zen, 1.759rekin. Beste multzoan Julen Gabirondo nagusitu zen, igandean txapela irabazteko hautagai nagusia, 1.518,5 kilorekin. Bere atzetik ordubeteko lanean 30 minutukoan baina hobeto moldatzen den Igor Esnaola sailkatu zen, 1.447,5 kilorekin. Ohiko modalitatean legorretarraren azken urtea izango da, sega utziko duela iragarri baitzuen Gipuzkoako Azkartasun proba irabazi ondoren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!