Amaitu dituzte 'Soinujolearen semea' filmeko grabaketa lanak

Tolosaldeko Ataria 2018ko uzt. 1a, 09:14

Bernardo Atxaga idazle asteasuarraren eleberrian oinarritutako filma grabatzen aritu dira egunotan Euskal Herriko hainbat txokotan. Euskaraz idatzitakoen obren artean sarituenetakoa da Soinujolearen Semea, eta beste hizkuntzetara gehien itzuli direnenen artean dago.

Bernardo Atxagaren Soinujolearen Semea eleberrian oinarritutako antzerkiak izandako harreraren ostean, Fernando Bernues telebista, zine eta antzerki zuzendariak pantaila handira emango du obra. Zazpi astez grabaketa lanak egiten aritu dira, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat txokotan. Amaitu dituzte lanak.

Besteak beste, Eneko Sagardoi, Aitor Beltran, Mireia Gabilondo, Iñaki Rikarte, Frida Palsson, Cristian Merchan, Miren Arrieta, Bingen Elortza, Mikel Losada, Joseba Apaolaza edota Laia Bernues ariko dira aktore lanetan. Patxo Telleriak egokitu du gidoia zinemarako. Soinu banda, berriz, 2017an Goya saria jasotakoa den Fernando Velazquezek egin du.

Sinopsia: David hilzorian dago, eta Joseba, txikitako laguna, azken agurra ematera joan da Kaliforniara. Biak ETAko kideak izan ziren, Frankoren Diktaduraren azken urteetan. Davidek bere herritik alde egin behar izan zuen, bere kideek arbuiaturik. Orain, aspaldiko lagun hauek egiari aurre egin beharko diote, azken topaketa honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!