Asteasuko Sanpedroak 2018

Asteasuko kuadrilla eguna, termometroaren pare

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ekainaren 30a

Asteasuko sanpedroetan kuadrilla eguna ospatzen ari dira; poteo musikatua eta ikurrinaren omenaldia egin dituzte, bazkaldu aurretik. 

Iazko eguraldi goibelik ez zen, gaur, Asteasuko plazan; eta hori, nabaritu egiten da jendearen aurpegietan. Kuadrilla egun beroa zetorkiela bazekiten asteasuarrek, eta termomentroaren pare jarri dute giroa ere, bazkal aurreko poteoan: bero-bero.

Ibilbide musikatua egin dute herriko musikariekin, eta 2012. urteaz geroztik egiten duten ikurrinaren omenaldia iritsi da, ondoren. Aurten, berrikuntza moduan, giza-katea egin dute plazatik kale nagusian gora, eta ikurrina erraldoia udaletxera ekarriz irudikatu dute aldarria; ohorezko agurraren ondoren, balkoitik zintzilikatu dute oihala. 

Eta orduan bai, orduan iritsi da bazkari legea egiteko ordua. Bazirudien karpak eutsi egiten ziola beroari, eta asteasuarren ahal izan dutena baliatu dute, aurpegia freskatzeko. Pozik dira, ordea; arratsalde eta gau luzea dituzte aurretik kuadrillek. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!