Asteasuko Sanpedroak 2018

Asteasuko haurrek hasi dute festa

Mikel Iraola 2018ko eka. 28a, 14:33

Asteasuko festen lehen eguna da gaurkoa, haurren eguna, eta herriko jaiei hasiera ematen dien txupinazoa 19:30ean botako badute ere, haurrek goizera aurreratu dute festa. Korrika, marrazten eta jolasean ibili dira goiz osoan zehar.

'Aurten ere iritsi zaizkigu herriko festak, Sanpedroak. Aupa Sanpedroak! Gora Asteasu! Ondo pasa festak, eta jator ibili!. Hitz horiek esatearekin batera piztu dute Kukute guraso elkarteko kideek eguneko lehen suziria, Asteasun. Pregoilari lanetan, berriz, Malen Maiz, Uxune Aranburu, Alain Balsera eta Oskitz Sagredo gaztetxoak aritu dira. «Pozik baina urduritasun puntu batekin» igo dira udaletxeko balkoira.

Segidan haur krosa egin dute. Guraso elkarteko kideen esanetan, 60tik gora izan dira lasterketan parte hartu dutenak. Ibarrazpi pasealekuko autobus geltokitik hasi eta Obaba Kalea zeharkatuz udaletxe atzeraino joan dira txikienak, poz-pozik. Zaharragoek, bi itzuli egin behar izan dituzte, erreka albotik. Guztiek jaso dute merezitako domina.

Lasterketaren ondoren, plazara eta Usarrabi pilotalekura pasa da festa giroa. Plazan jarri duten karpan marrazki lehiaketa egin dute. Frontoian, berriz, jolasteko aukera izan dute: puzgarriak, dantza, bideo-jokoak... Egunotan, gainera, trikitixa topaketa egiten ari dira Asteasun, eta topaketetako kideek girotu dute herria. Gero bazkaltzeko batu dira haurrak.

Arratsaldeko egitaraua:

17:30 Arkupeko Pilota Txapelketako eta Gizonezkoen pala txapelketako finalak
19:30 Txupinazoa (Elizako ordularia konpontzeko osatu den boluntario taldearen eskutik). Ondoren, KALEJIRA: txistulari, buruhandi eta Zizurkilgo erraldoiekin
22:30 Bertso saioa plazan. Bertsolariak: Andoni Egaña, Agin Laburu, Maialen Lujanbio eta Haritz Mujika. Gai jartzailea: Amaia Agirre (Bertso eskolako ikasleen laguntzarekin). Ondoren, kalejira tabernaz taberna: Izer eta Alabier, Laja eta Narbaiza trikitilariekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!