«Emakumeak ez bagaude erakundeetan, egiturak ez dira inoiz mugituko»

Jon Miranda Labaien 2018ko eka. 21a, 10:58

Pili Legarra Asteasuko alkateak 'Berdintasuna, Aniztasuna eta Inklusioa' konferentzian parte hartu, eta Basqueskola sareko kide gisa, ekimena aurkezten aritu da 'Partaidetza, Politika, Boterea' gunean, Bilbon.

Virginia Wolf Basqueskola Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko sentsibilitate politiko guztietako eta tamaina guztietako udalerrietako emakume hautetsiek bultzatutako sarea da. Dozena bat herritako alkate eta zinegotziek osatzen dute talde bultzatzailea. Tartean dago Pili Legarra, Asteasuko alkatea.

Nola eta noiz sortu zen sare hau?

Basqueskola 2012az geroztik martxan dagoen talde bat da, Emakunde eta Eudelen babespean sortutakoa. Emakumeen arteko elkar esperientzien trukaketa eta formazioa eskaintzen digu politika munduan gabiltzan emakumeoi. Foro horretan, edozein talde politikotako emakumeak gaude. Ideologia ez da izan muga bat gure artean, eta espazio horretan oso garbi ikusten da denok arazo berdintsuak ditugula emakume garen heinean.

Tamaina guztietako herriak sartzen dira?

Herri handiak badaude, baina baita ere txikiagoak. Nabari dira aldeak: herri txikietan kargudunok denetarik egin behar izaten dugu eta herri handietan, paper instituzionalagoa izaten dute hautetsiek. Baina esperientzien trukaketan, ezintasunen aldetik, harrigarria da zenbat gauza konpartitzen ditugun emakumeok.

Nola antolatzen zarete Basqueskola sare honetan parte hartzen duzuen hautetsiak?

2017an talde motor bat sortu zen, sareari indarra emate aldera. Orain beste hiru azpitaldetan antolatu gara, aldi berean, hiru lan ildori erantzuten diotenak. Talde horietako batean, politikaren eragina aztertu nahi dugu, proiektua hedatzeko estrategia diseinatzeko. Beste talde batean, denborak eta bateragarritasuna aztertu nahi ditugu, alegia, bizitza eta politikaren jarduera bateragarriak izateko ekimenak bultzatzea da asmoa. Eta azkenik, 2019an sartuko diren hautetsi berriak politikara heltzen direnean laguntza emateko sortu den azpitaldea dago.

Zuk zein azpitaldetan parte hartzen duzu?

Ni nagoen taldea, denbora eta kontziliazioarena da. Nola egin dezakegu bateragarri udaleko lana eta familiakoa? Garbi dugu, gure denbora gizonen egituran oinarritzen dela. Ikusi besterik ez dago udaletan bilerak normalean gauez eta berandu izaten direla. Politikak denbora asko xurgatzen du eta emakumeek bertan aritzea ezinezko bezala ikusten dute. Inork ez du aurkeztu nahi izaten hauteskundeetan umeen hazkuntzarekin eta familiaren zaintzarekin bateraezina delako. Hori oztopo baldin bada, emakumeei dagokigu horri buruz gogoeta egitea eta proposamenak egitea.

Jardunaldi batzuk ere antolatu dituzue gai honen inguruan.

Denboraren erabilerei eta emakumeentzako horrek dituen kostuei buruz gogoeta egiteko jardunaldi bat antolatu dugu Gasteizen uztailaren 14an eta euskal emakume hautetsi guztiei zuzenduta dago.

Asko al dira gaur egun politikan dabiltzan emakumeak?

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko udalerrietan, gobernuan zein oposizioan 1.100 emakume hautetsi gaude. Bada kopuru inportantea eta pentsatzen dugu emakume alkate eta zinegotziok behar dugula prestakuntza gune bat eta politikan eragina izateko gune bat. Asmo horrekin sortu zen Virginia Wolf Basqueskola.

Zuen sarea aurkezteko aukera izan duzue Bilbon aurreko astean ospatu den 'Berdintasuna, Aniztasuna eta Inklusioa' konferentzian.

Bai. Bilbon ospatu zen aurreko astean eta oso interesgarria izan zen. Gainera, konferentzian gonbidatu bezala egon zen Rigoberta Menchú Bakearen Nobel saridunarekin egoteko aukera izan genuen. 18 hautetsi bildu ginen berekin eta jarraitzea eskatu zigun, ezin dugula emakumeok politika mundutik kanpora egon, hor egon behar dugula aipatu zigun. Elkartasuna eta borroka beharrezkotzat ditu eta emakumeok egiteko modu diferenteak ditugula uste du.

Zu 2011tik zara alkate Asteasun. Eragiteko aukera izan al duzu berdintasunaren norabidean?

Norbaitek esango du, gure taldean bi bakarrik garela emakumeak. Baina hori da nabarmendu beharrekoa: Zergatik kostatzen zaigu emakumeoi hemen egotea? Zergatik ematen diogu beti lehentasuna zaintzari? Lan horiek egiatan konpartituak izango balira politikara dedikatzeko aukera izango genuke. Bestalde, niri gustatzen zait emakumeak alboan edukitzea, informazioa eta iritziak konpartitzen saiatzen naiz herriko emakumeekin eta pentsatzen dut entzuteko gaitasuna badugula. Hari horretatik tiraz gero jakintza natural bat badago eta emakumeok beste era batera egin dezakegu politika.

Erreferentziarik baduzue?

Ez. Hori da beste arazoetako bat. Guk jaso dugu gizonezkoen eredua eta askotan errepikatu egiten dugu. Lan orduei dagokionez ez da beste planteamendurik egiten, adibidez.

Emakumeen ahotsa aintzat hartzen dela uste duzu?

Ez. Kargudun bat ez da berdin epaitzen emakumezko edo gizonezko izan. Emakumeari gehiago begiratzen zaio eta gehiago exijitzen zaio. Gizonezkoei suposatu egiten zaio gaitasuna eta ondo egingo duela pentsatzen da. Emakumeok demostratu behar izaten dugu, kapaz garela eta gaitasuna badugula azaltzen aritu behar izaten dugu. Horrek esfortzu handia eskatzen du. Guretzako jantzi propioa behar dugu emakumeok eta ez gizonezkoek erabiltzen dutena jantzi.

Amorrazio uneak ere pasa izan dituzu?

Bai. Tokatu izan zait bileraren bat, non ez zaidan gizonezkoak erabiltzen duen hizkuntza eta jarrera gustatu. Nik horrelakoak ezin ditut onartu, zaharregia naiz horretarako. Gauza horiek mahai gainean jartzeko gaitasuna badut eta moztu egiten ditut horrelakoak. Gertatu izan zait hori, baina gehienetan errespetuzko harremanak izan ditut.

Orain udal hauteskundeetarako zerrendak osatzeko ordua da. Nola osatu hautagaitza parekideak?

Diskriminazio positiboa eta norabide horretan orain arte hartu diren neurriek balio izan dutela iruditzen zait, eta garrantzitsuak izan direla emakumeak erakundeetara gerturatzeko. Ez da txarra. Hala ere, herri txikietan zerrendak erdi eta erdi osatzen saiatuta ere, oso-oso zaila egiten zaigu. Nire esperantza hurrengo belaunaldietan dago. Indartsuago etorriko dira eta normaltasunez ikusiko dute politikan lan egitea, izan ere, aldaketak lortzeko emakumeok erakundeetan egon behar dugu, gu ez bagaude egiturak ez dira mugituko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!