'Soinujolearen semea' filmatzen ari dira egunotan, Donostian

Erabiltzailearen aurpegia Amagoia Gurrutxaga 2018ko ekainaren 15a

Argazkia: Jon Urbe / FOKU

Bernardo Atxagaren 'Soinujolearen semea' nobela zinemara egokitzen ari da Fernando Bernues. Donostian ari da filmatzen egunotan, Miramar jauregian. Hilaren 27an bukatuko du filmaketa.

Alaska hoteleko barra gainean, kopak hutsik, norbaitek noiz beteko zain. Miramar jauregiko zati txiki bat nahikoa, Obabako hotela irudikatzeko. Hemen bizi da Teresa, soinu jotzailearen semeari, Davidi, aitaren iragan kolaborazionista ezagutaraziko diona. Hemen zabaltzen zaio mundu bat Davidi, Josebaren bitartez. Hirugarren filmaketa gaua dute gaur Miramarren, eta Josebak eta lagunek su emango diote Alaska honi.

«Hotel honetan gurutzatzen dira tramako hari asko», Fernando Bernues telebista, antzerki eta zinema zuzendariaren hitzetan. Badaki zerbait tramaz, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea nobela zinemaratzeko lanean ari baita; eta antzerkira eraman baitzuen, izen berarekin, 2012an.

«Obra hau irakurri nuenean, barrua ukitu zidan. Nire historia, gure historia, ikusi nuen bertan idatzita. Eta adiskidetasun istorio handi eta unibertsal bat kontatuz. Arima oihuka hasi zitzaidan, istorio hau neure hizkuntzan konta nezan». Irudiena du hizkuntza. Filma egitea izan zuen lehen helburua, baina ezinezkoa gertatu zitzaionez une hartan —«beste batzuek hartuak zituzten filma egiteko eskubideak»—, antzerkira jo zuen. Hala etorri zen Soinujolearen semea obra mundura, Patxo Telleriaren gidoiarekin. Gero etorri zen filma egiteko aukera, eta hementxe dago, hasierako ametsa, nobela zinemara eramatea, errealitate bihurtzen. «Halaxe eskatzen zidan barrenak». Eta barrena lasaitzear da.

Soinujolearen semea eleberriak itxi zuen Atxagaren zirkulu obabarra. Soinujolearen semea filmak itxiko du Bernuesek nobelari egindako bertsioen zirkulua. Atxagak berak Ultzaman (Nafarroa) egin zien bisita ekarri du gogora: «Ikusi orduko jakin zuen zer ari ginen filmatzen. Hitza haragiztatuta ikusi zuela iruditu zitzaidan, eta ederra izan zen». Hau du semearen azken semea, bai, barreka nabarmendu duenez.

Bosgarren astean

Erditzea ez da bukatu oraindik, baina. Bosgarren filmaketa astea da hau. Ultzama Kalifornia bihurtu dute; jauregi hau Alaska hotela; Irunen (Gipuzkoa) ere aritu dira filmatzen; Nafarroara itzuliko dira segidan, Lesaka eta Berara, Obabako paisaien bila. «Hil honen 27an bukatuko dugu filmaketa. Baliteke filma urriaren bukaerarako amaituta egotea, eta urtarrilean estreinatzea litzateke asmoa», Bernuesen esanetan.

[Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en]

Bernardo Atxaga: «Idazleak ez du irudirik buruan; airea da liburuan dagoen dena»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!