Muskerraren eguna ospatu dute Asteasun

Irati Saizar Artola 2018ko ekainaren 3a

Muskerraren bidea Bernardo Atxagaren eskutik ezagutzeko aukera izan da goizean Asteasun. Eguerdian, berriz, apustua egin dute herriko iturriaren inguruan eta Joseba Txapartegi eta Mikel Alkortak irabazi dute. 

Bigarren urtez jarraian ospatu dute Muskerraren Eguna, Asteasuren eta Obabaren ondare zabala eta anitza ezagutarazteko asmoz. Goizeko 10:00etan abiatu dira bertaratuak plazatik, Bernardo Atxaga lagun zutela, liburuan agertzen den alegiazko lurralde literarioa inspiratu zuen ingurua ezagutzera. Bidean, geldialdiak egin dituzte gauzak kontatu eta esplikatzeko. Ondoren, familia eta haurrek jolasak egin dituzte: muskerraren bila, besteak beste. Eguerdian, mokadua egiteko aukera izan da plazan trikitilariek alaiturik, eta herriko harri-jasotzaileek mahai ingurua egin dute gaztetako istorio eta kontuak kontatuz. 

13:00etan, herriko plazako iturriaren bueltan, apustua egin dute. Guztira, sei bikotek hartu dute parte. Iturriari bi lagunen artean 20 buelta eman behar izan dizkiote, batak barrualdetik, eta besteak, kanpoaldetik. Azkarrena egin dutenek irabazi dute: Joseba Txapartegik eta Mikel Alkortak. Bigarren postuan geratu dira Jon Ander Artaza eta Peru Larrañaga. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!