'Asteasu garbi baten alde' parte hartze prozesua jarriko dute martxan

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 21a, 10:31

Maiatzaren 23an eta 30ean, kanpoko lantalde baten laguntzaz, bilera ezberdinak egingo dira herritar eta eragileekin. Ondoren, irtenbideak bilatzeko bilera ireki bat egingo da udaletxean, ekainaren 5ean.

Kezkatuta dago Asteasuko Udala. "Azken denboran errefusa asko ugaritzeaz gain, ez gara ondo bereizten ari eta bilketa guneak ez dira errespetatzen. Zer dela eta? Zer egingo dugu elkarrekin egoera hori konpontzeko?".

Herritarrek hiri hondakinak kudeatzerakoan antzematen den "motelaldi" horri aurre egiteko, irtenbide bat topatu nahi du Asteasuko Udalak, herritarrekin landuz eta adostuz. Kanpoko lantalde baten laguntzaz, aste honetan eta hurrengoan, bilera desberdinak egingo dira herritar eta eragileekin:

- Maiatzaren 23an, goizez merkatari, ostalari eta kalean dabiltzan herritarren iritziak bilduko dira. Bazkalondoan, berriz, 14:45ean eskolan guraso elkarteko taldearekin landuko da gaia.

- Maiatzaren 30ean, herriko jubilatu taldearekin elkarrizketa izango dute, 16:00etan.

Bilera horietan bildutako guztiarekin, elkarrekin arazoa aztertu eta irtenbideak bilatzeko bilera ireki bat izango da, ekainaren 5ean, udaletxean, 18:30etik 20:30era. Ondorioen arabera, Asteasuko Udalak behar diren neurriak hartuko ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!