«Behin poema guztiak liburu batean bilduta, ikusi dut liburu koral bat dela»

Jon Miranda Labaien 2018ko mai. 22a, 09:14

Ogibidez euskara irakasle eta bikoiztaile izana da Iñaki Irazu Garmendia (Asteasu, 1954). Erretiroa hartu duen unea probestu du bere bizi esperientzia ordenatzeko. Jaioterritik hasi, Andoainen igarotako nerabe eta gaztarotik pasa eta Bilbon emandako azken urteak dira liburuan erretratatzen diren paisaietan ageri direnak.

Orain argitaratu duzu zure lehen liburua 63 urteak beteak dituzula. Horrek ez du esan nahi, ordea, orain hasi zarenik idazten.

Liburua beti izan da niretzat gordeleku bat. Ezer baino lehen irakurtzeko zaletasuna sortu zitzaidan, eta alboan komunitate bat dagoenean, indartzen joaten zaizkizu zuk berezkoak dituzun joera batzuk. Ikastetxean nenbilenean indartzen zidaten, esaterako, idazteko kontu hori. Izaerak, norberaren ibilerak... eragile gehiago ere badaude joera bat hauspotzen laguntzen dutenak, baina bake pixka batekin, 27 urte inguru nituenean hasi nintzen gauzak idazten. Sariren bat lortu nuen garai horretan eta orduan hasi ziren musikari batzuk, euren kantuetarako, nire hitzak aintzat hartzen.

Hortaz, bakea behar duzu idazteko?

Edozein arlotan gauzak sortzeko bakea behar dela uste dut. Behar duzu tarte bat non munduak bakean utziko zaituen. Nik bizpahiru ogibide izan ditut eta beste zereginetan okupatuta nenbilenean, ez nuen sortzeko tarterik hartzen. Urte guzti hauetan etenak izan baditut ere, beti izan dut zain literatura.

Duela bospasei urte, gorreriagatik, lana utzi behar izan nuen. Irakaslearen lana entzutea eta erantzutea izaten da. Bolada batez, entzuten nuena, imajinazioarekin osatzen nuen, baina iritsi zen une bat, non gehiago zen imajinatzen nuena entzuten nuena baino [barrez]. Beste erremediorik gabe lana utzi behar izan nuen eta sakabanatuta neuzkan idatziak txukuntzeari ekin nion. Barne txukunketa baten beharra, ordenatzeko beharra sentitu nuen. Txukunketa hori, arintze hori bada norberarengandik urruntzeko modu bat, eta erakustearekin, berezkoa duten destinoa ematen zaie paper horiei.

Liburua publikatzeko bezala, sorkuntza lanerako ere behar al duzu akuilua?

Gure amak etxera ekartzen zituen aldizkarietako testuetan eta udal liburutegian edo ikastetxean sortutako ingurune horretan topatu dut sorkuntzarako akuilua. Kasu honetan, Inazio Mujika Iraola editorea gabe ez legoke libururik eta ez leudeke zenbait poema ere, harreman horrek bideratuta sortu baitira asko. Eragiletza hori gabe, norberaren gogoa erori egiten da, eta beraz, harreman horrek bizkortu egin du sorkuntza. Berdina gertatzen da Jabier Muguruzarekin; 25 urtetik gora daramatzat berarekin elkarlanean. Ez da, soilik, liburuarentzat giltzarri izan direla, beraiek gabe, komunitate hori gabe, zenbait gauza ez lirateke sortuko. Lan hauek bakardadean eta norbere buruarekin egiten dira eta ez badago kanpotik inolako eraginik, norbera apaldu egiten da, eta ez du sortzeko bulkadarik sentitzen.

Kronikak dira jaso dituzunak. Zergatik dute zure poesiek tonu narratiboa?

Egia esan asko gustatzen zait gauzak kontatzea, kronikak egitea. Bertatik eta barrutik egiten dira kronikak eta ez badaude bi hitz horiek, ez dut uste sortu daitekeenik poesia nik egiten dudan eran. Egin daiteke poesia modu filosofikoan eta erlijiosoan, mundua esplikatzeko ahalegin poetiko gisa. Bada beste poetika bat abstraktuagoa, lirikoagoa... Nire liburuan dauden poemak, ordea, oso errazak dira irakurtzen, beti dira kontaerak, beti agertzen dira pertsonaia batzuk egoera konkretu batean. Tonu narratiboan daude eta ez dira batere abstraktuak. Gure artean ere badago tradizio hori: Pedro Mari Otaño zizurkildarrak bertso batzuk kantatzen ditu, non gerrara joan, elbarri geratu eta limosnatxo bat eskatzen duen gizonaren pasadizoak kontatzen diren. Otañok bertso horietan gizon horren historia kontatzen du, harekin egokitu eta bere ahotik jasotzen du gertatu zaiona.

Hain zuzen, zure poemek lekukotasun bat eman nahi dute. Askotarikoak dira zure lanean agertzen diren pertsonaiak.

Lurgune emozionaletik sortzen dira horiek guztiak. Liburuan agertzen diren historia denak jaiotzen dira presentzia batetik, hartu-eman batetik eta ia gehienetan ekartzen dut norbaiten ahotsa. Sorpresa ere jaso dut, bakarka edo banaka, poema bakoitzak bere aldetik aztertuta ez bainion osotasunik ikusten lanari. Baina behin denak liburu batean bilduta ikusi nuen badela liburu koral bat.

Esan izan didate, baita ere, ez dela ni-a ageri. Nire ustez, besteen ahots horietan ezagutzen dugu geurea, edo geurea izan daitekeena. Azken finean, horiek ere gu gara. Gu ez gaude euren egoeran, baina egoera berean egongo bagina, gauza horiek edo antzekoak esango genituzke. Denoi dagozkigun bozak edo kontuak jasotzen saiatu naiz.

Aurkezpen ekitaldian esan zenuen, sukaldeka antolatu dituzula poesiak. Zer esan nahi zenuen horrekin?

Azalean irudi bat agertzen da: sukalde bat. Sukalde horrek adierazten du, liburuaren barrua eta liburuaren barruko jendea. Sukalde honen inguruan dabiltza eta horrek definitzen ditu. Ez da burgesiaren sukalde edo handiki baten sukaldea, jende apal edo langilearena baizik. Agertzen den geografia emozional horren zilborra da. Kronika bakar batean ere ez da ageri sukalde hitza baina agertzen diren pertsonaia guztiak, sukalde honetatik atera berri dira edo sukalde honetara itzuliko dira.

Denok egiten dugu ahalegin hori bizi esperientzia ordenatzeko. Bizi izan ditudan eta gaur egun bizi ditudan sukaldeak dira ageri direnak, atalka. Lehen partean, Asteasun bizi izan nuen haurtzaroa eta Andoaingo nerabezaroko esperientziak ageri dira. Bigarren partean, Bilbon bizi nintzenekoa jaso dut eta hirugarrengoan, zubiaren bestaldean, Deustun bizi izandakoa irakurri daiteke. Geografia emozional diferenteak dira.

Esan izan duzu baita ere, ez duzula distirarik bilatzen zure poesiarekin.

Bai. Hor sortzen da estiloa edo tonua. Liburua irakurri dutela esan didatenak ez dira bereziki poesia zaleak. Beti poesia hitza aipatzen dugunean, erreflexu bat sortzen da negatiboa, atzera eragiten digun zerbait da, zaila, iluna, abstraktua dela irudikatzen dugu. Liburu hau ez da horrelakoa, guztiz bestelakoa baizik. Erregistro oso apala da erabiltzen dudana, eta ez dira distira duten hitzak azaltzen. Zergatik? Kontatzen dena ere ez delako distiratsua. Esango nuke, normalean, kronikak ez duela onartzen distirarik, hitz potolorik. Ez gaude ospakizun batean non hitz dardarakor eta handiak behar ditugun. Ez litzateke zintzoa izango gisa honetako kronika batzuk kolorez pintatzea.

Ados zaude zure poemak tristeak direla iradokitzen dutenekin?

Ez nago ados. Kritika batean aipatu zuten hori eta egia da, kritika bera asko gustatu zitzaidala, oro har, ados nagoela bertan esaten denarekin, baina puntu horretan ez nator bat. Gogoan erori bat eragiten dute poema tristeek eta nireek ez dute horrelakorik bilatzen. Kolore iluna, tonu dramatikoa edo gogorra dute poesia hauek, historia asko ez direlako alaiak. Izan ere, artearen funtzioa ez da alaia izatea, baina ezta ere tristezia eragitea. Ezagutzan, edo gogoan bizkortasun bat edo indar bat eragin behar dit, niri behintzat, arteak. Beti ez gaude drama bat ikusteko, baina horrek ez du dramaren beharra kentzen. Pertsona batek bere burua non dagoen ezagutzeko drama behar-beharrezkoa da. Ez da zintzoa gai jakin batzuk komedia gisan ematea.

Aukeratzen duzun gaitegiak ematen dio tonu dramatikoa zure lanari? Esan liteke poesia soziala edo politikoa egiten duzula?

Gaiak agintzen du zein hizkuntza erabiliko duzun edo zein kolore emango diozun lanari, txuri beltzean edo koloretan. Gauza batzuk koloretan emanagatik ez dute irabazten, faltsuak ere gerta daitezke. Nik nire poemak definitzen ditut gizarte kronika bezala. Gizakiok heriotza, bakardadea eta amodioa bezalako egoerei nola erantzuten diogun esplikatzen du literaturak eta nire poemetan ageri diren pertsonaiek ere ahalegin hori egiten dute. Norbere lekutik harremantzen dira hiru hitz horiekin.

Zenbateraino edaten du ahozkotasunetik zure poesiak?

Kezkatzen nauen kontu bat da euskal literaturaren munduan. Ekonomia kontua da, azken finean, silabak ekonomizatzea. Nire lana erregistro mintzatura ekartzen saiatu naiz eta ez dut uste esajeratu dudanik horretan. Aipatu didate, adibidez, apostrofeen erabilera. Pertsonaiek hitz egiten dutenean, haien ahotsa ekartzen dudanean, dardara hori sortu nahi dudanean, orduan gehiago lotzen natzaio mintzatuari. Pertsonaia batek ezin du hitz egin eskolako testu batean bezala. Bozak jasotzen ditudanean, hor egiten dut ekonomia ariketa hori, euskararen dramatikan behar-beharrezkoa den kontua dela uste dudalako. Ez da probokazio edo nahikeria bat izan. Ez da ezta ere, gauza berria; Gandiagak, adibidez, erabiltzen zituen apostrofe batzuk. Behar espresiboa ez da behar erretorikoaren berdina eta hizkuntzari arindu bat eman behar diogu. Euskaldunok ezin dugu gaztelania edo ingelesak erabiltzen duen silaba kolpe doblea erabili emozioak behar bezala bihurritzeko. Dramatika da, keinua eta hitza, hotsaren kolpea eta keinuaren kolpea. Eta keinua azkarra bada, hotsa ere azkarra da.

Ekonomia ikasketak burutu zenituen. Horrek badu eragina zure lan egiteko moduan?

Ekonomista naizen aldetik, letra horiek beren buruari ordaintzen dioten galdetzen diot neure buruari. Estrofa bati, ipuin bati, testu bati, baina batez ere poema bati, galdera bat egin behar zaio: 'Poema jauna, zu hor zaude, lau lerro dituzu eta orrialde osoa okupatzen duzu. Zuk ordaintzen duzu tarte zuri hori? Zuk pagatzen duzu paper hori? Zuk eusten diozu inguratzen zaituen isiltasun horri? Badakizu horrek zer kostua duen?'. Hor sortzen da dialektika. Galdera horri bere isiltasunetik erantzuten badio poemak, bere burua ordaintzen ari dela esan genezake. Batzuetan, bi lerroko poema bat nahikoa izaten da urteetan iraun dezan.

Muguruzarentzat hitzak sortzen jarraituko duzu? Aurrera begira zein asmo dituzu?

Nire asmoa liburu gehiago ateratzea da, baina jende gehiagoren elkar hartze baten emaitza ere badenez, guztia ez dago nire esku. Nirea egiten segituko dut eta baditut bestelako sorta batzuk idatzita. Etorkizunak esango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!