Atxagaren 'Soinujolearen semea' eleberria pantaila handira eramango dute

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 16a, 17:44

Zazpi asteaz arituko dira filma errodatzen Gipuzkoan eta Nafarroan. Abra Prod eta Tentazioak ekoitziko dute filma, Patxo Telleriak egokitu du zinemarako gidoia eta Fernando Bernuesek zuzenduko du.

2003an argitaratu zuen Bernardo Atxagak Soinujolearen semea. Frankismoa, ETA, Gerra Zibilaren oihartzunak, tortura, traizioa... bezalako gaiak ageri dira eleberrian, David eta Joseba protagonisten bidez. David hilzorian dago eta Joseba bisitatzera joaten zaio Kaliforniara, elkarrekin, biek bizi zian duten iragana errepasatzeko.

2012an liburuak kontatzen duen istorioa antzerkirako egokitu zuen Patxo Telleriak eta Fernando Bernuesek zuzendu zuen obra. Telleriak berak egin du filmerako gidoia egokitzeko lana eta Bernues telebista, zine eta antzerki zuzendariak eramango du eleberria pantaila handira. Aktore hauek jardungo dute lanean: Aitor Beltran, Iñaki Rikarte, Cristian Merchan, Bingen Elortza, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson, Miren Arrieta, Laia Bernues eta Eneko Sagardoyk.

Abra Prod eta Tentazioak konfiantza handiko profesionalen laguntza izango dute erronka honi aurre egiteko. Juanma Pagazaurtundua ariko da produkzio zuzendari lanetan; Gonzalo F. Berridi argazki zuzendari gisa; Peio Villalba arte zuzendari bezala; Jantzitegi lanetan Saioa Larak jardungo du eta pertsonaien karakterizazio, makillaje eta ile-apainketa lanetan Karmele Soler eta Olga Cruz ariko dira. Musika, Fernando Velazquezek jarriko du.

Eusko Jaurlaritza eta ETBren laguntza izango du filmak eta Filmax eta Barton Films izango dira banatzaile lanaz arduratuko direnak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!