Errekalde garbitokia berreskuratu dute Asteasun

Jon Miranda Labaien 2018ko maiatzaren 7a

Asteasuko Udalak 2016an erabaki zuen Errekaldeko iturri zaharrean esku hartzea eta berreskuratze lanak Burdina taldeak burutu ditu. Larunbatean inauguratu zuten jendaurrean.

Errekalde iturriari ur emaria dario urte osoan, etenik gabe. Elizmendiko kare-haitzetan jaiotzen da iturri naturala eta bere maldatan sarri gertatu izan ohi dira luiziak. Maiz egin behar izaten ziren, beraz, garbiketa eta konponketa lanak eta aldaketa hauek tarteko, hasierako iturria, arropa garbitzeko eta ganaduak edateko ur aska bihurtu zen.

Asteasuko Elizmendi auzoko biztanleak Errekaldeko iturrira joaten ziren arropa garbitzera eta ur bila, herri bide heze eta malkartsuan barrena. Hura zen, XX. mendera arte gertuena zeukaten ur emaria. Zizurkil aldera zihoan jendea ere, ez zen Errekalden geldialditxoa egin gabe gelditzen, beti baitzegoen norbaiti hitz asperturen bat egin edo pasadizoren bat kontatzeko. XX. mendearen hasieran, ur banaketaren sare hidraulikoa egiten hasi ziren eta hainbat iturri berri egin zituzten herrian, baina hala ere, ez zen Errekaldera ur bila jaisteko ohitura galdu.

Berreskuratze ugari

1848an gertatutako luizi baten harira eta iturriko uraren egoera kaxkarra kontuan hartuta, Asteasuko Udalak iturria konpontzeko lanari ekin zion. Geroago, 1960an egin ziren azken konponketak, ingurua txukundu eta urari errekarako bidea zabaldu zitzaion. Lan horietan, gainera, Asteasuko Kale Nagusiko zorutik ateratako harriak, harri landuak, erabili zituzten.

1970. urte inguruan gertatu ziren azken luiziak eta ingurua ia erabat estalita, ia ezinezko egiten zen iturrira jaistea. Geroztik, lurrez estalita eta sasiak hartuta egon da Errekaldeko iturria, harik eta 2016an Asteasuko Udalak iturri zaharra berreskuratzea erabaki zuen arte.

Larunbatean, Elizmendi auzoko Santa Krutz festen egitarauari hasiera emateko berreskuratutako iturriaren inaugurazio ekitaldia egin zuten. Bertan izan ziren Asteasuko udal ordezkariak, Burdina Taldeko kideak eta hainbat herritar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!