Arrastoa ulertzeko ondarea

Jon Miranda Labaien 2018ko mar. 16a, 08:28
Haritz Mujika Asteasuko Kultura zinegotzia, Pilar Legarra alkatea eta Unai Mendizabal Harituzeko idea, ekitaldi sortaren aurkezpenean.

Pello Errota bertsolaria hil zela ehun urte beteko dira 2019an, eta Asteasuko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu hurrengo bi urteetarako, Harituz taldearekin batera.

Herriko ondare bizia da Pello Errota, eta horrela aldarrikatu du Pili Legarra Asteasuko alkateak. 1840an sortu zen Pedro Joxe Elizegi, eta errotaria zen bizibidez. Handik jaso zuen ezizena. Txirritarekin batera, bertsoa lanbide osagarri gisa erabili zuen lehen bertsolarietako bat izan zen. 1919ko otsailaren 3an zendu zen, eta Asteasun mendeurrena bitarteko epea baliatuko dute Pello Errotaren irudia eta haren garaia gogoratzeko.

Bi urteko jarduera aroa aurreikusi dute, eta, Haritz Mujika Kultura zinegotziak aipatu duenez, ekitaldiek gerora “arrastoa” uztea nahi dute, “Pello Errotak berak herrian arrastoa utzi duelako”. Adibide gisa, bertsolariaren izena dauka Asteasuko eskolak, eta haren bustoa jarrita dago herriko plazan. Harituz Tolosaldeko bertsozale taldearekin elkarlanean antolatu ditu ekitaldiak udalak, eta dagoeneko egin dituzte horietako batzuk. Urrutira joan gabe, aurten Asteasun egin dute bertso jarrien afaria —otsailaren 23an—, eta martxoaren 9an, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Bertsolaritzaren sekretuak emanaldia eskaini zuten herrian, ezkutuan bertsotan aritutako emakumeen historia kontatzen duen ikuskizuna.

Bertso-antzerki emanaldi horretan agertzen da Mikaela Elizegi, Pello Errotaren alaba. Hark kontatu zizkion pasarteekin osatu zuen Antonio Zabalak Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua liburua, eta Auspoa bilduman argitaratu zuen, 1963an. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, iaz Auspoa bilduman kaleratu zuten lan hori, Asun Garikano tolosarrak euskara batura moldatuta. Aldundiarena da Zabalak Auspoan plazaratutako alerik esanguratsuenak euskara batuan emateko egitasmoa, eta, Legarrak aurreratu duenez, Pello Errotaren mendeurreneko ekitaldiak ere babestuko ditu: “Kultura Sailak badu proiektu bat herri txikietako ondareari balioa emateko eta dibulgatzeko. Abiatu berria da egitasmoa, eta urtero arreta herri batean jartzea da asmoa. Kasu honetan, Pello Errotaren heriotzaren 100. urteurreneko ekitaldiak aukeratu dituzte proiektu pilotua martxan jartzeko”.

Pello Errota nor izan zen ezagutarazteko unitate didaktiko bat prestatuko dute ikastetxeentzat, eta, Harituz-en ekimenez, 25 eta 30 urte arteko bertsolarientzat sariketa bat ere egingo dute udazkenean. Unai Mendizabal Harituz bertsozale taldeko kideak azaldu duenez, “bertsolari gazteentzat” izaten dira era horretako sariketak. “Baina bertsolari asko geratzen da zirkuitu horretatik kanpo. Horiei eman nahi genieke aukera”. Sei bertsolariz osatutako bi kanporaketa egingo dituzte Aiztondoko bi herritan, eta lau bertsolariren artekoa izango da finala, Asteasun.

Mundu ikuskera bat 

Bernardo Atxaga herriko semeak egin zion hitzaurrea Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatualiburuaren iazko edizioari: “Halako inpresioa egin zidaten liburuko pasarte horiek, non, prezipitazio kimiko baten moduan, Obabako mundua garden azaldu zitzaidan buruan”. Asteasu da idazleak eraikitako alegiazko mundu hori, eta mundu horren emaitza da Pello Errota, Gari Otamendi komunikazio teknikariaren esanetan: “Mundu ikuskera propio eta partikularra dauka Hernio azpiak, eta duela mende bateko gizartea ekarri nahi dugu argitara, zer aldatu den eta zer ez ikusteko”.

Kultur ondare ez-materialari balioa emateko ahaleginean ari dira azken urteotan Asteasun. “Muskerraren bidea jarri genuen martxan lehenengo, eta aurkeztu berri dugu Asteasu-Obaba Bide Herria proiektua. Unibertso hori osatzera datoz orain Pello Errota gogoratzeko ekitaldiak”, aipatu du Otamendik. Hain zuzen, apirilaren 19an egingo dute mendeurrena gogoratzeko hurrengo ekitaldia. Garai bateko bertsokeraren eta gaur egungoaren arteko lotura azalduko dute Bernardo Atxagak berak eta Maialen Lujanbiok. Gonbidatu eta sorpresa gehiago ere izango dira.

Bi munduen arteko aldea eta bertsokera desberdinen arteko transmisioa islatuko dute ekitaldi horiekin. Pello Errotaren bertsoetan “mundua ikusteko eta ulertzeko molde oso bat” ikus daitekeela nabarmendu du Legarrak. “Asteasuren eta Euskal Herriaren nortasuna eta izaera ulertzen lagunduko digute bi urteotan herrian egingo ditugun ekitaldiek”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!