Aurten hasiko dira Asteasuko plaza oinezkoentzat egokitzen

Jon Miranda Labaien 2018ko mar. 14a, 08:40

Bi urtetan gauzatuko da berritzea eta 600.000 euro inguru bideratuko dituzte proiektura, aurrez ordea, parte hartze prozesua egingo du Asteasuko Udalak.

Asteasu Batuz taldeak plaza oinezkoentzat egokitzea izan du helburu nagusi bezala, udal gobernuko ardurak hartu zituenetik. Iazko aurrekontuan plazaren inguruko beharrezko azterketak egiteko 20.000 euroko diru sail bat gorde ondoren, prest dute aurreproiektua eta 2018ko udazkenean hasi nahi dituzte lanak. Aurrez, ordea, herritarrei ekarpenak egiteko aukera eman nahi diete. Parte hartze prozesua egingo dute herrian, apirila eta maiatzean zehar.

Udara aurretik behin betiko proiektua idatzi eta lanak iraila aurretik esleituko dituzte. Lehen fasea urteko azkeneko hilabeteetan gauzatu nahi dute eta lurrazpiko azpiegitura guztiak egokituko dituzte. Horretarako, 310.000 euro inguru bideratu nahi dituzte 2018ko aurrekontuan eta 360.000 inguru 2019koan, lanei jarraipena eman eta lur gaineko zoladura eta hiri altzari berriak egokitzeko. Lanak segidan egin nahi dituzte eta datorren urteko uda hasierarako amaitu.

Pili Legarra alkateak nabarmendu duenez, azken bi urteetan, 2016an eta 2017an, udal kontuen gerakina gorde dute egitasmo honi aurre egiteko. «Hala ere, landa guneetako garapen eta sustapenerako Eusko Jaurlaritzak duen Erein programaren bitartez laguntza eskatuko dugu», esan du Legarrak. Gaur egun Lege Zaharren plaza dena eta ingurune guztia hartuko ditu berrikuntzak: kale Berriaren parte bat, kale Nagusia eta Obaba kalearen beste zati bat oinezkoentzat egokituko dute. Berdindu egingo da eremua eta kotxeek sarbide mugatua izango dute kale Nagusira.

Egingo dituzten egokitzapenen ondorioz, Errekaballarara joateko bidea, dagoeneko, ez da plazatik pasako eta horretarako saihesbidea egokitu beharko dute: «Errepide horren zati bat eginda dago eta bestea falta da egiteko. Proiektua idatzita dago eta lan horiek egin ahal izateko partikular baten lurrak erosi beharko dira. Horrek ekarriko duen gastua jasota geratu da aurtengo aurrekontuan». 2018an zehar gauzatu nahi dute saihesbide berria Asteasun.

BIDEEN EGOKITZEA

Martxoaren 5ean egindako ohiko osoko bilkuran onartu zuten 2018an Asteasuko Udalak izango duen aurrekontua, 2.241.316 eurokoa, iaz baino 26.500 euro handiagoa. Kopuru horren zati handi bat herrian dituzten zerbitzuen mantenurako eta funtzionamendurako baliatuko dute. «Herri txikia da gurea, baina zerbitzu asko ditugu», dio Legarrak. 1.118.600 euro jaso dituzte, beraz, bigarren kapituluan, zerbitzuen atalean.

«Zuhurtzia» ibili du ahotan alkateak; sarrera errealak baino ez dituzte kontuan hartzen aurrekontua prestatzerakoan. Azken urteetan, gainera, ahalegina egin du udal gobernuak zorra kitatzeko. Aurten, duela 12 urtetik zetorren zorra kitatuko dute eta 600.000 euroko zorra geratuko zaie ordaintzeko. «2011n udalean sartu ginenean bi milioi eurotik gorako zorra zuen udalak eta kopuru hori nabarmen murriztea lortu dugu».

Aurreko urteetako norabidea jarraituz herri bideak egokitzen jarraituko dute. Aurten Beballarako baserri bide bat konponduko dutela jakinarazi du alkateak. Horrekin batera, udalerriko argiteria osoa, led sistemara egokitzen ari dira azken urteetan eta azken lanak burutuko dituzte aurten. Irisgarritasunari begira ere beste hainbat lan txiki egingo dituzte herrian.

Legarrak aurreratu duenez hiri hondakinen bilketaren inguruan beste parte hartze prozesu bat burutu nahi dute. «Nahiz eta edukiontziak eduki, herritar askok hondakinak ez dituzte bertara botatzen, eta beste askok sailkatu ere ez dute egiten. Egoeraz hausnartzeko bilerak egingo ditugu herritarrekin uda aurretik», esan du alkateak.

2,2 MILOI EUROKO AURREKONTUA

Plaza ingurua oinezkoentzat egokitzea izango da legealdi amaierako proiektu «izarra». Aurtengo aurrekontutik 310.000 euro gordeko dituzte lanen lehen fasea burutzeko eta 360.000 euro, berriz, 2019ko aurrekontutik, obrak amaitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!