Pello Errota gogoratzeko ekitaldiak Asteasun, bi urtetan

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 23a, 18:32

Pello Errotaren heriotzaren mendeurrena oroitzeko hainbat ekitaldi egingo ditu Asteasuko Udalak 2018an eta 2019n.

2019an beteko dira ehun urte Pello Errota hil zenetik, eta Asteasuko Udalak hainbat jarduera antolatuko ditu, egungo bertsolaritzan eta euskal kulturan ezinbesteko erreferentzia izan zen asteasuarraren balioa hedatzeko. Gaur bertan hasiko dira ekitaldiak, Iturri-ondon egingo den bertso jarrien afari batekin, eta bi urtez luzatuko dira. Afarirako sarrerak salgai daude Iturri-ondon eta Zizurkilgo Iriarte jatetxean, 20 eurotan.

Pello Errota Asteasun jaion zen, Pedro Jose Elizegi izenarekin, 1840an. Ogibidez errotaria zen eta handik hartu zuen ezizena. Txirritarekin batera, bertsoak kantatzetik bizimodua ateratzen hasitako lehenengotakoa izan zen, eta XX. mendeko bertsolarien oinarri nagusietako bat da. Horrez gain, Antonio Zavalak jasotako Pello Errotaren alaba Mikaela Elizegiren testigantzei esker, garaiko informazio iturri oparoa da.

Hauspo luzeko ekimena

Asteasuko Udalak bi urteko jarduera aroa aurreikusi du, eta dagoeneko, 2018ko gehienak antolatuta daude. Gaur, herritarrei aurkeztuko zaizkie ekitaldiak bertso jarrien afariaren aurretik. Hurrengo ekitaldia martxoaren 9an egingo da, Bertsolaritzaren sekretuak bertso-antzerki ikuskizuna hain zuen. Asteasuko kultur etxean izango da 22:00etatik aurrera. Joan den mendeko bertsolaritzaren historia jasotzen duen ikuskizuna da. Tartean aipatzen dira Mikaela Elizegi, bertsolaria ere bazena.

Apirilean Bernardo Atxagak zuzendutako hizketaldi bat egingo da, eta Pello Errotak gizarte eta kultur ondareari egindako ekarpena eta haren dimentsioa izango dituzte hizpide. Udazkenean berriz, 25 urtetik gorako bertsolariei zuzendutako bertso sariketa bat egingo da. Kanporaketak Aiztondoko herrietan egingo dira, eta finala Asteasun bertan.

Asteasuko Udalarekin elkarlanean ari da Harituz elkartea, zenbait ekitaldiren antolakuntzan parte-hartzen. Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere ari da lanean udala, eta Pello Errotaren urteurrena izango da herri txikietako ondarearen balio dibulgatzeko proiektu baten abiapuntua.

Hauspo luzeko ekimena da mendeurrena, helburua baita ahalik eta publiko zabalenari helaraztea Pello Errotaren irudia eta, horrekin batera, Pello Errota bizi izan zen munduarena eta gizartearena. Esaterako, dibulgaziorako beste ekimen batzuk ere badaude martxan, unitate didaktikoak eta liburuxka bat, kasu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!